argia.eus
INPRIMATU
Trump bake bila?
Joan Mari Beloki 2025eko abuztuaren 29a

Abuztuaren 15ean Vladimir Putin eta Donald Trump Alaskan bildu ziren. Ofizialki, Ukrainako gerrari amaiera emateko bidean beste urratsen bat emateko. Baina Gazan milaka pertsona hiltzeko gupidarik ez duen politikariak serio esan al dezake penagarria eta tristea dela Ukrainan hainbeste jende hiltzea? Trump presidenteak Ukrainan bakea ezarri nahi duela dioenean, AEBetako presidente delarik, hango industria militarra eta neokontserbadoreak ere alde daudela esan nahiko du. Hala ote?

Ondo gogoan dugu AEBek ekainaren 22an Irango gune nuklearrari eginiko bonbardaketa. Egun horietan Iranen eta AEBen gobernuak Irango programa nuklear zibilaren inguruko negoziazioak ari ziren egiten. Estatubatuarrek ustekabean harrapatu zituzten irandarrak eta beste askoren artean negoziatzen ari ziren zientzialari guztiak hil zituzten. Antzeko zerbait izanen ote dute prestatuta errusiarrentzat? Minsk 3.0 agian?

2008ko Bukaresten egindako goi-bileran, NATOk gonbita luzatu zion Ukrainari erakundean sartzeko. 2021ean, Bruselan egindako goi-bileran berretsi egin zuten gonbidapena. Sinesgarria al da Donald Trump orain, Ukraina ez dela NATOn sartuko esaten duenean?

Trumpen eta Putinen artean ez zaio irtenbide negoziatua emanen gerrari. Gudak Ukrainako armada kolapsora iritsi arte jarraituko du

Bada argia ekar liezagukeen dokumentu bat, 2019ko apirilaren 24koa. RAND Corporation-ek egina da eta erakunde horren zeregin nagusia den AEBen segurtasunaren sustapenean kokatzen da. Lanaren izenburuan hau irakur dezakegu: “Errusia estresatu eta desorekatu”. Hona hemen gobernuari adierazitako lan-ildo garrantzitsu batzuk:

1. Errusiari merkataritza- eta finantza-zigor larriak ezarri. Errusiako ekonomia apaltzeko.

2. Europak Errusiarekiko duen menpekotasun energetikoa moteldu.

3. Ukrainari laguntza hilgarria eman. Armak bidali eta AEBen aholkularitza militarra areagotu.

4. Siriako matxinoei laguntza handitu. Bielorrusian liberalizazioa sustatu. Kaukasoko hegoaldean eragina handitu. Errusiak Erdialdeko Asian duen eragina murriztu.

5. Transnistria irauli eta tropa errusiarrak eskualdetik kanporatu.

6. Errusiako hauteskunde-sistemarekiko fedea gutxitu.

7. Errusiako Estatuaren zilegitasuna auzitan jarri. Barne protestak eta erresistentzia sustatu.

8. Errusiak kanpoan duen irudia ahuldu, Mendebaldeko estatuek zigorrak ezarriz, Errusia nazioarteko foroetatik kenduz eta kirol ekitaldietan boikota eginez.

9. Arma nuklear taktikoak Europan eta Asian hedatu.

10. Itsasoan, AEB eta aliatuen ontzi-indarren presentzia areagotu Errusiako operazio-eremuetan.

11. AEBen triada nuklearraren flota handitu.

12. Lehorreko armada Europan indartu.

13. NATOren indar ugari Errusiako mugan hedatu.

Beraz, zer sinesgarritasun eman diezaiekegu Donald Trumpek bakearen alde egiten dituen adierazpenei? AEBetan presidenteak sekulan ez du agindu. Hauteskundeetara aurkezten ez diren kapital finantzarioek, korporazioek eta industria militarrak agindu ohi dute azken hamarkadetan.

Donald Trumpek RAND Corporationek marraztutako bideari jarraituko dio. Georgian koloretako iraultza gauzatzen saiatu dira, Siria kolapsatu dute, Iran kolapsatzen saiatu dira, Errusiaren petrolio eta gasaren salmenta murrizten saiatu dira, zigorrak etengabe handitzen jarraitzen dute, NATOren indar militarrak Errusiaren mugetara hurbilduz segitzen dute… Txosten horretan diseinatutako urrats guztiak betetzen ari dira.

Beren helburu estrategikoa Errusiako Federazioa kolapsatzea da, 1990. urtean Sobiet Batasunak kolapsatu zuen bezalaxe. Puzzle baten piezak bezala Federazioa sakabanatzea da beren helburu estrategikoa, ondoren bertako ondasunak bereganatzeko, Boris Yeltsinen garaian egin zuten moduan.

Ukrainako gerra pieza taktiko bat besterik ez da, RAND Corporationen txostenean aipatzen diren guztiak bezala. Gerra hau galduta ere, beste ildoak lantzen jarraituko dute. Errusia lotuta edukitzea da kontua.

Hortaz, zertarako bildu ziren Trump eta Putin Alaskan? Donald Trumpek Ukrainako gerratik atera nahi du gerra galdutzat emana duelako. Vladimir Putin ateratzeko bidea prestatzen ari zaio. Gerra errusiarrek irabazia dute eta ondorioak ahalik eta samurrenak izan daitezen, alfonbra gorria prestatu nahi diote Trumpi.

AEBak atera eginen dira gerra honetatik eta Europako mendebaldeak hartuko dio lekukoa. Pete Hegseth AEBetako defentsa idazkariak hala iragarri zuen 2025eko otsailaren 12an Bruselan emandako hitzaldian. Lana banatu egin dute eta hurrengo urteetan Errusiaren gaineko presioari eustea Europako mendebaldeari egokitu zaio, AEBek Txinako fronteari ekiten dioten bitartean. Baina Errusiak Ukrainako armadak kolapsatu arte tinko jarraituko du oraingo dinamikan, su-etenik gabe eta fronte-lerroa izoztu gabe.

Ondorioz, Trumpen eta Putinen artean ez zaio irtenbide negoziatua emanen gerrari. Gudak Ukrainako armada kolapsora iritsi arte jarraituko du. Egungo gerrak iraun dezan, edo urte batzuk beranduago berpiztu dadin, Europako Batasunak dirutza inbertituko du Ukrainara armak bidaltzen (bilioi bat euro oraingoz) eta dirutza hori gure hezkuntza eta osasungintza sareetatik, helduen pentsioetatik eta gainerako gizarte-zerbitzuetatik aterako da. Eta oso kontutan hartzekoa dena, gerra nuklearraren arriskuak bere horretan segitzen du.

Joan Mari Beloki Kortexarena