argia.eus
INPRIMATU
Donald Trump hautatu dute AEBetako presidente
  • Trump izango da AEBetako presidente berria. Garaipena lortu du askorentzat txarraren eta ez hain txarraren artekoak izan diren hauteskunde hauetan. Beharrezko zituen 270 delegatuak pasa ditu alderdi errepublikarreko hautagaiak, 290 ditu jada, Hillary Clintonen 228en aurrean. Presidente berriak, garaipena ospatzeko diskurtsoan, bozkaturikoaz "harro" egongo direla esan die herritarrei.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 09a
Trump kanpainako une batean.

Clintonen zorion deia jaso ondoren atera da Trump jendartera. "Batera lan egingo dugu gure nazioaren berreraikitzeaz arduratzeko eta amerikar ametsa berritzeko", azaldu du garaipen hitzaldian. Kanpo politikara begira beraiekin erlazio ona izateko prest dauden estatu guztiaekin harreman onak izango dituztela adierazi du. Albo batera utzi ditu kanpainan zehar aginduriko erabaki polemikoenak eta hazkunde ekonomikoan, azpiegituretako inbertsioetan edo gerrako beteranoei laguntzeko beharrean zentratu da.

Florida, Ipar Carolina edo Ohio bezalako estatu klabeetan garaipena lortu du errepublikarrak. Clintonek, berriz, Obamaren erreleboa hartu ezinda geratuko denak, California, Oregon eta Washingtonen irabazi du besteak beste. Estatu klabe horietako garaipenari esker Trump AEBetako 45. presidentea izango da.

Zurien botoei esker lortu du gehiengoa, batez ere, industriako langile zuriak konbentzituz. Hauteskundeetan zehar eginiko deklarazioengatik arrazista eta matxistatzat hartua izan den arren, ez dia bera geratzeko nahikoa izan.

Emaitzek Europako burtsak beherakadekin hastea eragin dute, %3-4 arteko beherakadak espero dituzte gaurko. Europako hainbat agintarik ulergaiztzat jo dute gertaturikoa. Bestalde, Frantziako Frente Nazionalak eta Britainia Handiko UKIP alderdi ultra eskuindarrek Trump zoriondu dute lorturiko emaitzengatik.