argia.eus
INPRIMATU
Troquenor-eko langilea: “Ni jaisteko eskalatzaileak etorriko zirela esan didate”
  • Sondikako Troquenor lantegiko langileak kanporatu ditu Ertzaintzak. ARGIAk barruan zegoen langile batekin hitz egin du eta azaldu duenez Ertzaintza ateak hautsiz sartu da. Momentu horretan langileak norbere lanpostuetan zeuden, horietako batzuk makinen goiko aldean zeuden parapetaturik. Ertzaintzak langileari mehatxu egin dio euren kabuz jaisten ez bazen makinara "eskalatzaileak" igo eta jaitsiaraziko zutela. Azkenean jaistea erabaki du eta indarrez kanporatu dute gainerako lagunekin batera.

    Langileak hedabide honi azaldu dionez lantegi kanpoaldean zeuden sindikatuetako kideekin batera "10 furgoneta azaldu direnean". Orduan barrura sartu eta bertan itxi dira. Ate guztiak blokeatuta zituzten eta ertzainek banaka-banaka hautsi behar izan dituzte horiek guztiak, langileengana iritsi aurretik. Langile bakoitza bere makinan "erdi ezkutaturik" jarri da eta ertzainek esan diete haietatik ateratzeko, bestela atxilotu eta isuna jarriko zietela. Banaka banaka atera dituzte indarrez, batzuk arrastaka, eta kanpoaldean senide, herritar eta inguruko langileen txalo zaparrada jaso dute.

    Troquenorren desjabetzea oztopatzeko antolatutako itxialdia izan da, bertako 120 langileak kalean geratuko baitira "ugazaben inkonpetentziaren" ondorioz. Operazioan 100 ertzain inguruk hartu du parte.

ARGIA @argia 2013ko ekainaren 18a
Troquenor-eko langileak kanporatu ditu Ertzaintzak. (Arg: @juan314 Twitterren)

Erre Harria erabiltzaileak ondorengo bideoak igo ditu YouTubera.

 

 

 

Juan Pablo Garzon EiTBko kazetariak jarraipena egin dio Twitterren gaiari.