argia.eus
INPRIMATU
Troquenor-eko langileek salaketa jarri dute lan ikuskaritzan
  • Gaur goizaldean langileak berriz itzuli dira lantegira baina sarrailak aldatuta eta lauzpabost segurtasun guardia aurkitu dituzte atarian sarrera eragotziz. Horren aurrean kanpalekua jarri dute lantegi parean: “Gure lanpostuetara itzuli nahi dugu eta ez dugu etsiko”, azaldu dio hedabide honi langile batzordeko Gorka Otxoak. Bestalde, duela gutxi lan ikuskaritzan salaketa jarri dute, despedituak izan gabe euren lantegitik kaleratu dituztelako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2013ko ekainaren 19a
Ertzaintza Troquenor-eko bulegoetara sartzen, langileen ezintasuna nabari izan zen atzokoan (Arg.: Troquenor-eko langileek aterata eta Twiter bidez Juan Pablo Garzonek zabaldua)

Atzo Ertzaintzaren hamar furgoneta inguru agertu ziren Sondikako lantegian eta barruan itxita zeuden hamarnaka langile kaleratu zituen indarrez. Haietako langile batek ARGIAri azaldu zionez, ertzainek mehatxu egin zien, atxilotu eta isuna jasoko zutela. Momentu gogorrak igaro zituzten bertaratutakoek.

Troquenor-en asteak zeramatzaten langileek itxialdian. Ugazabak 250.000 euro zor dizkio lantegiaren alokairuagatik aurreko ugabazari, Gimenez-Beltran sendiari. Langileek baina, salatu dute Gimenez-Beltranek 27 milioi euroko zorra duela erakunde publikoekin.

Langileak bilera egitekoak dira bihar Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariekin. Gorka Otxoak dio erakundeei irtenbide bat eskatuko diotela, bi ugazaben arteko auzian langileak erdian harrapatuta geratu direlako.

Adolfo Muñoz: “Hau al da Jaurlaritzaren industria politika?”

Atzo Ertzaintzak egindako operatiboa gogor kritikatu du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak: “Zein da Eusko Jaurlaritzaren industria politika? Ehun ertzain bidaltzea euren lanpostuak defendatzen ari diren langileak kaleratzera?” adierazi du.

Unai Rementeria Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak, berriz, adierazi du epaitegiaren erabakia izanik betetzea “beste erremediorik” ez dagoela.