Iaz Frantziako Tourrean eta Espainiako Itzulian izan zuen arrakastak bultzatuta, aurten, Tropela Elkarteak Euskal Herriko Itzulian ere Tropela.net porra antolatzea erabaki du. Funtzionamendua eta arauak iazkoak dira. Orduan parte hartu zenutenok, beraz, txirrindulariak aukeratzen hasi eta nahi izanez gero tropeltxoak sortzea besterik ez duzue. Gainerakook, www.tropela.net web gunean aurkituko dituzue beharrezko argibide guztiak. Taldea osatzeko epea itzulia hasten den egunean (irailaren 3an) amaituko da, 13:40ean. Euskara, teknologia eta txirrindularitza uztartzen dituen web guneak, itxura berria izateaz gain, 'Berriak' atala indartu du eta edonork eman ahal izango du bertan bere iritzia.