argia.eus
INPRIMATU
Trebiñuren egoeraz eztabaidatuko dute asteartean gaur Espainiako Kongresuan
  • Trebiñuko enklabeko bi alkateek, Ignacio Portilla Morazak eta Roberto Ortiz Urbinak artikulu bat argitaratu dute El Paísen, Trebiñu administratiboki Araba izan beharko litzatekeela defendatuz. Bai biztanleek, bai Gaztela eta Leongo eta EAEko estatutuek, hori jasotzen dutela argudiatu dute.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko azaroaren 17a
Trebiñuko hautetsi eta herritarrak Madrilera atera aurretik. (arg: Udalbiltza)

Trebiñuko enklabeko udalek aurkeztutako Lege Organiko Proposamenaren ingurukoa azalpenak eman dituzte artikuluaren bitartez. Trebiñu Araban kokatuta egon arren, Burgosen menpe dago administratiboki, eta “egoera arraro horrek antolaketa administratiboaren printzipioak hausten” dituela diote alkateek.

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Gaztela Leongo estatutuek ere horren alde egiten dutela baieztatu dute. “Herriek harreman gehien daukaten autonomiaren zati izan beharko luketela defendatzen dute estatutuek, eta Trebiñuk Arabarekin dauka loturarik handiena, bai ekonomikoki, bai zerbitzu publikoei dagokienez. Burgosekin daukan harremana menpekotasun administratiboak eragindakoa da soilik”.

Horrez gain, historikoki bertako biztanleek izan duten nahia dago. “1980an eta 1998an ikusi zen, eta baita aurten ere, 2014an. Lurralde honetako hiritarrek sarritan adierazi dute Arabaren parte izan nahi dutela. Ez da horren aurkako bozka bat ere eman egin ditugun bi osoko bilkuretan”.

Baina Gaztela eta Leonen jarrerak ez die egoera errazten. Bere estatutuek kontrakoa esan arren, erkidego horrek Trebiñuri eutsi nahi dio oraindik. Gorteengan jarri dituzte itxaropenak alkateek: “Lurralde aldaketa egiteko eskumena Gorteek dute bakarrik, eta erkidego batek ezin du horren aurka egin”.