Trebiñuko Udalak berriro luzatuko du Arabarekin bat egiteko eskaera Espainiako Diputatuen Kongresuan, 2014an egin bezala. Eskaerak ez zuen aurrera egin orduan, baina emaitza bestelakoa izateko esperantza dute orain trebiñuarrek, Kongresuko gehiengoak aldatu egin diren heinean.
Udal gobernua osatzen duten bederatzi zinegotzietako zazpik onartu dute eskaera egitea: CDC, AEICT eta CPT elkarte independenteetakoek, EAJkoek eta EH Bildukoek. PPko bi zinegotzietako batek aurka bozkatu du eta bigarrenak ez du osoko bilkuran parte hartu.
Duela bi urte bezala, Gasteizko Legebiltzarra izango da orain ere Udalaren eta Kongresuaren arteko bitartekaria. Berak landuko du Kongresura eramango duten Lege Organikoa.
1998ko galdeketan, baiezkoa nagusi
Martxoaren 8an bete dira 18 urte trebiñuarren artean galdeketa egin zela, Arabarekin bat egiteari buruzko erreferenduma antolatzearen alde zeuden ala ez ezagutzeko helburuarekin. Botoa eman zuten herritarren %68,1 alde agertu ziren. Gaztela eta Leongo agintariek ez zuten galdeketa ontzat eman.
- Trebiñuko auziari buruz gehiago: Wikipedia