argia.eus
INPRIMATU
Trebiñu Araban sartzeko “aurrerapausorik” ez dela eman salatu dute enklabeko zinegotziek
  • Bizilagunek "egia eta politika" merezi dutela adierazi dute, oraindik konponbiderik bilatu ez zaizkien arazo ugari edukitzen jarraitzen baitute. Ikasketei eta osasun arretari loturiko arazoak nabarmendu dituzte.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 04a
Trebiñu Araba Da herri mugimendua

Arabako Batzar Nagusien mahaiaren aurrean astelehenean eginiko agerraldian kexatu dira Trebiñuko zinegotzi Yolanda Urarte eta David Dulanto. Alderdi politikoei eskatu diete enklabea Araban sartzeko bidean lan egitea, eta ez mugatzea "prentsako titularretara". Herritarrek hamaika arazori aurre egin behar izaten dietela salatu dute: esaterako, zerbitzu publikoak "berdintasunez" eskuratzeko Araban erroldatu behar direla.

Aipatutako arazoen artean, ordea, ikasketak eta osasun arreta nabarmendu dituzte zinegotziek. Ikasleei dagokienez, gazte trebiñarrek Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi dezaketela azaldu dute, baina ezin dutela Eusko Jaurlaritzak eskainitako bekarik jaso, ezta Gaztela eta Leongo Gobernuak eskainitakorik ere.

Zentzu horretan, gaitzetsi dute Trebiñuko nerabe ugari 18 urte betetzen dituztenean EAEn erroldatzera behartuta daudela, eta EAEn soilik "ikasle gisa" bizi direla, benetan ez baitira autonomia erkidego horretakoak. Eusko Jaurlaritzak arazoa konpontzeko "borondaterik" ez duela adierazi dute: "Trebiñu Araba dela aldarrikatzen du, baina Trebiñun erroldatuta egoteari utzi behar diogu beste arabarren laguntza berak jasotzeko".

Zenbait osasun zerbitzu jasotzeko zailtasunak

Azkenik, trebiñarrei Osakidetzako itunpeko zentroetan zenbait zerbitzutarako –onkologikoa eta logopedia, besteak beste– sarbidea oztopatzen dizkietela aipatu dute Urartek eta Dulantok: "Euskal Osasun Zerbitzuak esaten digu ez dagokigula zerbitzu horiek eskuratzea, Gaztela eta Leonen erroldatuta baikaude".

Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuen zentroetan errezetatu diren sendagaiak ezin dituzte erosi Trebiñuko herritarrek, enklabeko farmazien sisteman ez baitira agertzen. Ondorioz, herriko osasun zentroko medikuei euren txarteletan sendagaiaren errezeta sartzeko eskatzen diete.