argia.eus
INPRIMATU
Trapagarango Amazon zigortu dute, langileen osasunerako eskubidea urratzeagatik
  • Hainbat irregulartasun egitea egotzi dio Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak: batetik, istripuei buruzko dokumentuak ezin direla bateratu, eta bestetik, istripuaren izaera lanekoa den ala ez erabakitzea ez dagokiola Amazoni.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko uztailaren 08a

Mutualitatera joateko bolantea, lan-istripuaren partea eta istripuaren ikerketa-txostena, hirurak dokumentu bakarrean jasotzen zituzten Amazonen Trapagarango lantegian, eta horrek, EAEko Lan Ikuskaritzaren esanetan, langileengan presioa eragiten zuen, eta osasun-laguntzarako eskubidearen erabilera oztopatu ere bai. Horrez gainera, enpresa berak aurrez baloratzeko joera zuen kalteen edo istripuen jatorria, ea lanekoa ote zen edo ez. 

LAB sindikatuak ipini du salaketa, eta berak eman du lorpenaren berri. Sindikatuaren esanetan, irregulartasun gehiago ere atzeman dituzte: besteak beste, enpresak ez zien behar bezalako prestakuntzarik eskaintzen, ezta larrialdi edo istripu egoeretan nola jokatu jakiteko informaziorik ere. 

Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio LAB sindikatuari, eta 60 eguneko epea eman dio Amazoni irregulartasun horiek zuzentzeko.