argia.eus
INPRIMATU
Transmisioa ardatz aurtengo “Ahoa Bete Hots” jardunaldietan
  • “Ahoa Bete Hots” jardunaldien bosgarren edizioa uztailaren 2tik 4ra izango da Amasa-Villabonan, Mintzola Fundazioaren egoitzan. Esan berriz, esan lelopean, ahozko kultur sorkuntzaren transmisioa izango da aurtengo ardatz nagusia

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 04a
Uztailaren 2tik 4ra izango da aurtengo edizioa (www.berria.info) www.iturria.info

Asteazkenean aurkeztu zuten aurtengo egitaraua Nora Urbizu Arozenak, Amasa-Villabonako Kultura eta Euskara zinegotziak, Beñat Gaztelumendi Arandiak, Mintzola Fundazioko Patronatu kide eta ikerkuntza arduradunak eta Joxe Mari Carrere Zabala ipuin kontalariak.

Mintzola fundazioak 2010ean antolatu zuen lehendabizikoz “Ahoa Bete Hots”egitasmoa. Ordudanik, ahozkotasuna oinarri, besteak beste, idatzitik ahozkorako saltoa, ahozko kulur sorkuntzan euskara batuaren eta euskalkien arteko talkak eta ahozkotasuna lantzeko jolasei buruz mintzatu dira.

Bertsolaritza, kantagintza eta ipuingintza oinarri duen egitaraua

Aurtengo egitaraua Bertsozale Elkarteak, Antzerkizale Elkarteak eta Ipuin kontalarien taldeak osatu dute. Bertsozale elkartearen webgunean irakur daitekeenez, bertsolaritza, kantagintza eta ipuingintzaren transmisioan oinarritu dira, eta horretarako, sorkuntza saioak, esperientzia pertsonalak eta transmisioren garrantziari buruzko hausnarketak izango dira.

Amaia Zubiria, Mikel Markez, Jon Sarasua, Maika Etxekopar, Joseba Tapia, Antton Luku, Xabier Amuriza, Miren Amuriza eta Antton Irustak hartuko dute hitza hiru eguneko jardunaldietan. Antolatzaileek ahozko transimioan interesa dutenentzako deia egin dute, bereziki, irakasle eta aisialdiko begiraleei, landutakoa gero praktikan jar dezaten beraien espazioetan.

Izen-ematea telefonoz edo www.mintzola.com webgunearen bidez egin ahalko da, ekainaren 25era arteko epean.