Hazien Legearen aurreproiektua egiten ari da Venezuelako Batzar Nazionala. Elikagai transgenikoen erabilera eta kontsumoa debekatzea da helburua eta gaur bertan aurreproiektuaren eztabaida abiatuko dute herrialde osoan, nekazariek eta ekoizleek euren ekarpenak egin ditzaten, proiektua legebiltzarrera eraman aurretik.
Hazien Legeak "nekazariaren eta laborantza-ekoizlearen parte-hartzea bermatuko du elikagaien produkzioan, eta enpresa transnazionaletatik defendatu ahal izateko legedia jarriko die eskutan", ziurtatu du Venezuelako Nekazaritza eta Lurretako ministro Yván Gilek. Legeak "bertako haziak eta produktuak" bultzatuko dituela nabarmendu du.
Parlamentuko lehendakariorde Blanca Ekhoutek gaineratu duenez, asmoa da "hazi transgenikoak patentatzen dituzten eta nekazariei euren haziak merkaturatzea eta trukatzea debekatzen dieten Monsanto bezalako enpresa handietatik nekazal sektorea babestea. Hazia funtsezkoa da elikadura burujabetza bermatzeko eta beraz, legea blindatzea beharrezkoa da bizitzaren eta antzinako herentziaren isla den hazia sustatzeko".
Venezuelako Gobernuak behin baino gehiagotan adierazi du ez dagoela produktu transgenikoak erabiltzearen alde, ekosistemari eragiten dizkion kalteengatik eta "munduko herrien elikadura burujabetza arriskuan jartzeagatik".