Argitaletxea Edo!k atzo (urriak 10) aurkeztu zuen Hernanin (Gipuzkoa) Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak artikulu bilduma. Hainbat egileren testuak biltzen ditu, euskaraz eginak batzuk, euskarara itzuliak besteak. Egitasmoaren koordinatzaileen esanetan, isilarazitako gorputzei ahotsa ematea zen asmoa, pentsamendu (trans)feministara hurbiltzen diren gogoetei atea irekitzea.
Artikulu bildumaren koordinatzaileak Iratxe Retolaza eta Isa Castillo izan dira. Egileak berriz hainbat dira: Amaia Alvarez Uria, Judith Butler, Virginie Despentes, Mariz Luz Esteban, Ainhoa Güemes, Maialen Lujanbio, Medeak, Raquel / Lucas Platero, Beatriz Preciado, Javier Sáez eta Itziar Ziga. Itzultzaile taldea hauek osatu dute: Josebe Alkorta, Garazi Arrula, Irene Hurtado de Saratxo, Miren Agur Meabe, Ainara Sarasketa Alberdi, Asier Sarasola, Danele Sarriugarte eta Iñaki Segurola.
Kontrazalean ondoko zatia irakur daiteke: “Bestalde, ikusgarri egin nahi izan dugu, pertsona, jende, talde eta mugimendu ugariren kezka-iturri dela (trans)feminismoa. Ekintza eta pentsamendu (trans)feminista garatzen, eraikitzen eta hedatzen ari diren pertsona eta kolektibo batzuk bildu ditugu, eta irakurlea ohartuko denez, askotarikoak dira ahots horiek”.
Hernani aukeratu zuten liburua aurkezteko, bertakoa zen Amaia-Aimar Elosegi Ansa zenari omen egiteko. Hitzaurrea berari zuzendua dago eta liburua bere hitzek hasten dute. Hernaniarrak ondoko hitzak jaso zituen berak idatzitako eskutitzean: “Betidanik eduki dut mutil bat izate nahia. Txikia nintzenean izena, DNIan hombre jartzea eta haragi puska bat falta zitzaizkidan nahi nuena eta izan beharko nintzatekeena izateko”.