argia.eus
INPRIMATU
Torturengatik zigortu zuten guardia zibil batek Espainia ordezkatu zuen Europako Torturaren Prebentziorako Batzordean
  • Beste bi guardia zibilekin batera Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zuten José María De las Cuevas Carretero 1997an. 1999an Aznarren Gobernuak indultua eman zion eta bi urte geroago Polizia Judizialaren ordezkatzaile moduan bidali zuen Europako Torturaren Prebentziorako Batzordera, Garak aditzera eman duenez.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko martxoaren 20a
José María De las Cuevas Carretero

ETAren aurkako operazio batean atxilotu zuten Kepa Urra, 1992an, eta torturatu egin zuten. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak lau urteko espetxe zigorra eta seiko gaitasungabetzea ezarri zizkien José María De las Cuevas Carretero, Manuel Sánchez Corbi eta Antonio Lozano Garcíari, tratu txarrengatik. Ondoren, Auzitegi Gorenak kartzela zigorra urte batera gutxitu zien, baina ez zien gaitasungabetzea kendu. Azkenean, Espainiako Justizia Ministerioak indultatu zituen 1999an.

Ordutik De las Cuevasek mintzaldiak ematen ditu Guardia Zibilaren izenean, atxilotuei eman beharreko tratuari buruz, besteak beste. 2001ean Europar Batzordearen Torturaren Prebentziorako Batzordeak Espainiara egindako bisita periodiko batean Estatuaren ordezkari gisa bidali zuten. Une horretan Barne Ministroa Mariano Rajoy zen.

NBEren Torturaren Aurkako Batzordeak (CAT) Espainiar estatuaren aurkako txosten bat kaleratu zuen 2005ean. Kepa Urraren torturatzaileen indultua kritikatzen zuen, inpunitatea babesteko neurri bat zela argudiatuz.

José María De las Cuevas Carretero sarjentua zen Kepa Urra torturatu zuenean, eta postu hobeak eskuratzen joan zen, kapitain izatera heldu arte, egun duen kargua.