argia.eus
INPRIMATU
Torturatutako hainbat nafarrek eskatu diote Foru Gobernuari tortura kasuen aitortza eta erreparazioa bideratzeko
  • Torturatuek adierazi dute tortura “iluntasunetik ateratzeko garaia” dela eta Nafarroako Gobernuari dagokion ardura hartzeko eskatu diote: ”Hitzetatik ekintzerara igarotzeko ordua da".

Ahotsa.info @ahotsainfo 2017ko otsailaren 13a
Tortura jasan duen talde batek tortura kasuak iker ditzala eskatu dio Nafarroako Gobernuari. (Arg.: Ahotsa.info) Tortura jasan duen talde batek tortura kasuak iker ditzala eskatu dio Nafarroako Gobernuari. (Arg.: Ahotsa.info)

“Geu ere biktimak gara, eta modu bikoitzean gainera: torturaren biktimak eta torturaren ukazio eta aitorpen ezarenak”. Halaxe adierazi dute hamarkada ezberdinetan torturatuak izan diren sei herritar nafarrek; tortura kasuak ukaziotik atera eta egia osoa ezagutzeko garaia dela nabarmendu dute. “Bide hau egitea behar beharrezkoa da, benetako elkarbizitza oso eta normalizatu batera iritsi nahi badugu”.

Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako Ana Ollo kontseilariaren eta Álvaro Baraibar zuzendari orokorraren hitzak gogoraraziz, nafar torturatuen taldean “hitzetatik ekintzetara” igaro beharra dagoela adierazi dute.

“Gobernuko inor ez da tortura sufritu dugun pertsonekin kontaktuan jarri, gure testigantzak, hausnarketak eta beharrak entzuteko. Inor ez da torturaren dokumentazio lanean diharduten elkarteekin kontaktuan jarri, Euskal Memoria Fundazioarekin kasu, zeinak, orain arte, 600dik gora tortura testigantza bildu dituen hemen Nafarroan, eta dirudienez, milatik gora jasotzeko bidean dagoen”.

Tresna eraginkorrak

Nafar taldeak lanean hasteko prestutasuna agertu du eta norabide horretan, Nafarroako Gobernuari eskatu diote “torturaren beharrezko aitortza eta erreparaziorako mekanismo eta tresna eraginkorrak” martxan jartzeko.

Azkenik, Nafarroan tortura sufritu duten pertsona guztiei dei egin diete Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza orokorrarekin kontaktuan jar daitezen, beraien testigantza eskaini eta torturaren egia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeen beharra adierazteko.

(Albiste hau Ahotsa.infok argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta)