Torturatu gintuztenen zigorgabetasunaren aurrean

  • Malkoak, barne minak eta ezinak hartu gintuen pasa den astean Espainiako Auzitegi Nazionalean Poliziak eta Guardia Zibilak egin zizkigun torturen berri eman behar izan genuenean. Gure hitza ez da tortura salaketa horien oinarri bakarra izango. Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren Bulegoaren Istanbul Protokoloaren araberako froga perizialak aurkeztuko ditugu.. Gainera, agerikoa da torturarik ez balitz gure burua ez genuela errudun joko eta are gutxiago gure lagunak salatuko. 2009ko azaroan atxilotu gintuztenetatik 30ek sufritu genuen tortura gure azalean.


2013ko urriaren 23an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Datorren ostegunean gu torturatu gintuztenek deklaratuko dute Espainiako Salbuespen auzitegi horretan. Izugarrikeria iruditzen zaigu gure tortura salaketak oraindik argitu ez direnean torturatzaileen hitza auzitegi batean entzun ahal izateari. Baina are izugarrikeria nabarmenagoa da tortura ekiditeko nazioarteko arauak betetzen ez dituen Espainian torturatzaileen hitzak balioa izatea. Onartezina da torturak zigorgabetasun osoan jarraitzen duen bitartean bera burutzen duten poliziek auzitegi batean Zuzenbide Estatuaren izenean deklaratzea. Ezin dugu onartu.

Orain 40 urte arte Espainiako Estatuan izandako torturen argipenean Argentinako auzitegi batek eman behar izan du urratsa eta aztoratu dira espainiar hedabideak horregatik. Aldi berean, gure testigantza ematen ari garelarik, ordea, beste alde batera dira gehienak... 40 urte itxaron behar al ditugu azken hiru hamarkadetan torturatu gaituzten milaka euskal herritarron egia ikertu, aztertu eta zigortu dadin?

Estrasburgeko Giza Eskubideen Auzitegiak aste honetan berretsi du 197/2006 doktrina legez kanpokoa dela. Auzitegi horrek berak ere esan du Espainiak ez dituela torturak ikertzen. Espainiak ez du tortura ekiditeko gutxieneko neurririk betetzen, ez ditu torturak ikertzen, ikertzen dituen kasuetan artxibatu egiten ditu kasuak gehienetan, eta zigorrak direnetan indultua ematen die Espainiako Gobernuak. Torturaren zigorgabetasunerako babes katea da hori: inkomunikazioa poliziak torturatu ahal dezan, ikerketa eza edo ikerketa ahulak auzitegien aldetik zigorrik izan ez dadin, eta Gobernuaren indultuak ezkutatu ezin diren kasuetan torturatzaileek zigorrik bete behar izan ez dezaten.

Babes kate horrek erakusten digu torturatu gintuztenak ez direla soilik ostegunetik aurrera deklaratuko duten ilea atzeraka gominaz zuen potolo hura, 1,80 inguru zuen azal iluneko ile motzeko hura edo rastak zituen gaztea... Torturatu gintuena Estatua da, eta horregatik eraiki dute torturaren inguruko babes kate hori, tortura Estatu erabakia delako, eta bera etetea ere hala izango da.

Ezin dugu onartu 2013ko urrian gure militantziagatik gutxienez 6 urteko espetxe zigorra ezarri nahi diguten epaiketa batean torturatzaileen zigorgabetasuna. Guk, torturatuok, torturatzaileak entzun behar al ditugu gure aurkako akusazioak botaz? Guk, torturatuok, onartu behar al dugu torturatzaileen zigorgabetasuna babesten duen epaitegi baten pasibotasuna?

Estatuaren biolentzia gure azalean sufritu dugun arren, Euskal Herrian ireki den aro berriaren alde gogor ari gara lanean gu ere, konponbidearen mesedean behar diren urrats denak emanez, baina biolentzia batzuen berri zehatz-mehatz ematen den bitartean, beste batzuk ezkutuan eta Estatu aparatuek, eta anparauek, babestuta jarraitzen dute.

Tortura kasu guztiak ikertu behar dituzte, tortura posible izan ez dadin nazioarteko arauak bete behar ditu Espainiak... eta hala ez den bitartean guk ez dugu onartuko gure torturatzaileen adierazpenik epaitegian. Hori da ostegunean izango dugun jarrera.

40 gazte auziperatuen izenean.

Topatu.info-k bideoa egin du gaiari buruz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
"Mario Lopez" eta "Gernika"

Krimen matxistak, mediatizatzen direnean, emakumeontzat lezio bilakatu ohi dira, eta bizirik badago, biktimarentzat. Nerea Barjola ikertzaileak Alcasserko kasuaren bidez azaldu zigun hori. Eta Nagore Laffageren hilketak ere lezio astun bilakatzeko arriskua izan zuen, lezioa... [+]


2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-31 | Diana Franco
Teknologia
Gorputzaren memoria

Mekanografia ikasi baduzu, gitarra jotzen, josten edo eskuz idazten, ulertzen duzu zure gorputzak zelan memorizatzen dituen zenbait jarduera. Gorputza eta adimena modu miresgarrian daude harremanduta, bat dira. Gizakiok sortu dugun teknologia eta honek gure gorputzarekin duen... [+]


2024-03-31 | David Bou
‘La xarxa ultra’

ARGIArekin azken kolaborazioa egin nuenetik lau hilabete igaro direnean, testu honen bidez nire iritzi-artikuluei berriro heldu diet, baina azalduko dizuet zergatik alde egin dudan denboraldi honetan aldizkari maitagarri honen orrialdeetatik.

Otsailaren 20an La xarxa ultra... [+]


Eguneraketa berriak daude