Torturari buruzko hitzaldia egingo dute apirilaren 27an Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko areto nagusian, 12:00etan. Basque Lives Matter, #9ak Libre kanpainaren barruan antolatu dute.
Torturak Euskal Herrian izan duen eragina hartuko dute hizpide. Pako Etxeberria forentseak, Jon Mirena Landa EHUko Zuzenbide Penaleko katedratikoak eta Lorea Bilbao abokatu eta Torturaren Aurkako Taldeko kideak hartuko dute parte. Dinamizatzailea Eneko Compains EHUko irakaslea izango da, Ekin antolakundeko zuzendaritzako kide izatea egotzita epaituko dituzten bederatzi euskal herritarretako bat.
Maiatzaren 17an hasiko da haien aurkako epaiketa. Akusazioak 9 eta 15 urte arteko espetxe zigorra eskatzen du bakoitzarentzat. BasqueLivesMatter, #9akLibre lelopean jarri zuten abian informazio, salaketa eta mobilizazio kanpaina, “oinarrizko eskubide zibil eta politikoen defentsa eta edozein jarduera politikoren zilegitasuna aldarrikatzeko”.
Ekimenaren helburua da salatzea “Estatuaren inpunitate osoz”, Guardia Zibilak atxiloketa aldian egindako tortura “basatiak”, eta 2010ean hasitako “kondena” horrek eragindako ondorio psikosozial, ekonomiko, emozional eta humanoa.