argia.eus
INPRIMATU
Espainiari torturaren aurka jarrera irmoagoa eskatu dio beste behin Europako Kontseiluak
  • Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak Espainiako Estatuko komisariak, espetxeak eta atzerritarrak barneratzeko zentroak bisitatu zituen 2011ko maiatzaren 30etik ekainaren 13ra bitartean. Ikusitakoaren arabera, presoen aurkako torturak salatu ditu Batzordeak bere txostenean eta torturaren aurka irmoago ekiteko eskatu die Espainiako agintariei.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko apirilaren 30
Torturaren aurkako manifestazioa.

Inkomunikazio egoera "salbuespenezko neurria eta mugatua" izan beharko lukeela azpimarratu du Batzordeak eta atxilotuei begiak edo burua estaltzea debekatuta egon beharko lukeela, baita galdeketetan ere. Hasieratik, atxilotuek abokatu bat izan beharko luketela dio txostenak, inkomunikazio egoeran edo galdeketetan. Azken finean, Batzordeak ondorioztatu du "galdeketak, sarri, arauditik kanpo" egiten direla.

Batzordeak elkarrizketatu zituen ustezko 11 ETAkideetatik 10etan tratu txarrak antzeman zituzten: kolpeak atxilotuei, poltsaren moduko tortura praktikak, eta kasuetako batean, baita sexu erasoa ere. Tratu txarren helburua da ahozko judizio-ikustaldirako adierazpen sinatua lortzea, dio txostenak.

Estatuko hainbat komisaria bisitatu zituzten eta Cadiz eta Madrilgo galdeketa aretoetan makilak eta beisboleko bateak aurkitu zituzten.

Guardia Zibilak jarritako trabak

Batzordeko ordezkariek salatu dutenez, Guardia Zibilak ez zien utzi Madrilgo inkomunikazio unitatea bisitatzen, 2007an gertatu zen moduan. Txostenak dioenez, Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak "bi hamarkada daramatza Guardia Zibilak urratzen duen tratu txarren arazoaz Espainiako agintariak ohartarazten", baina arazoak "konpondu gabe jarraitzen du".