Paco Etxeberria forentseak gidatutako txostenean 1960 eta 2013 bitartean jazotako torturak ikertu dituzte. Guardia Zibila, Espainiako Polizia eta Ertzaintza jo dituzte egiletzat.
Eusko Jaurlaritzak eskatutako txosten baten arabera, 1960 eta 2013 urteen artean gutxienez 4.009 lagun torturatu zituzten segurtasun indarrek Euskal Herrian. Haietatik 3.577 kasu sartu dituzte datu-basean: Guardia Zibilari egotzi dizkiote 1.589, Espainiako Poliziari 1.561, eta Ertzaintzari 310.
Paco Etxeberria, Carlos Martin Beristain eta Laura Pegoren artean egindako Tortura 1960-2013 txostenaren aurkezpen ekitaldian argitaratu dituzte datuak, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan. Abendura arte jarraituko dute ikertzen, eta Etxeberriak azaldu duenez, behin betiko txostenak “5.000 kasu bildu” ditzake. Alabaina, auzi medikuak adierazi du “pertsona askok beldurrak eta zalantzak” dituela testigantza ematerako orduan.
Ikerketan zehar “kasu bakoitzaren zilegitasuna frogatzeko aukera eman duen” 22.000 dokumentu aztertu dituzte. Hala, salaketen %9 “oinarri handikotzat” dituzte, %40 “oso funts handikotzat” eta “oinarridunak” %49. Azkenik, %2k funtsik ez duela bahetu dute. Salaketen zigorgabetasuna azpimarratu du Etxeberriak.
Torturatuen %17 emakumezkoak dira, eta gizonezkoak %83. Orotara, %17k “tortura behin baino gehiagotan pairatu” duela azaldu du Etxeberriak. Bestalde, zehaztu du 2004tik urritu egin dela salaketen kopurua, eta gaineratu 2015 eta 2016 urteetan ez dela salaketarik izan.