argia.eus
INPRIMATU
Tortura saihesteko Espainiak neurriak hartu ote dituen aztertzen ari da NBE
  • Espainiako Estatuko ordezkariak NBEren Torturaren Aurkako Komitearen aurrean azalpenak ematen ari dira Genevan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko apirilaren 29a

Astearte eta asteazkenean luzatuko dira galdeketa saioak eta komiteko kideek, besteak beste, tortura saihesteko azken urteetan Espainiak zein neurri hartu dituen galdetuko diete.

Atzoko saioan inkomunikazio egoera izan zuten gai nagusi. Komitea osatzen duten bederatzi kidetik zazpik horri buruz galdetu zuten. Saioaren amaieran komiteko presidente Claudio Grossmanek hainbat adierazpen egin zituen Espainiaren jokabidea zalantzan jarriz. Bere esanetan kritika ugari jaso dituzte inkomunikazioari dagokionez: “Terrorismoak ez du inolako justifikaziorik –zioen Grossmanek–, baina abusuak ere ez”. Ikerketaren ondorioen txostena maiatzaren 15ean kaleratuko dute.

Indarkeria polizialaren biktimentzako laguntzak kolokan

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du estatu indarkeriaren biktimentzako Eusko Jaurlaritzak bideratutako diru-laguntzen dekretuaren zati bat. Espainiako Estatuko abokatuak jarritako helegitearen hainbat puntu aintzat hartzea onartu du horrela eta laguntzak eten egin ditu.

Auzitegiaren esanetan Jaurlaritza laguntza horiek emateko oinarritu den  nazioarteko erakundeek irizpideek “definizio maila txikiegia” dute. Era berean, biktimen frogen sinesgarritasuna ere zalantzan jarri du, esanez “medikuen edozein txosten” onartzen dela.

Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok esan du “zuzenketa teknikoak” egingo dituztela eta nabarmendu du epaiak ez duela biktima horien erreparazio eskubidea auzitan jartzen.

Bestalde, udazkenean lege berri bat kaleratuko dute poliziaren indarkeria jasan dutenek “segurtasun juridikoa” izan dezaten.