Rodriguez eta Txapartegi auziak: tortura ez da hain erraz ezkutatzen

  • “Zaintza judizial eraginkorrerako eskubidea urratu” dela ebatzi du auzitegiak Garazi Rodriguezen kasuan. 2009an atxilotu zuten, Segiren aurkako sarekadan.


2016ko abuztuaren 18an - 10:25
Garazi Rodriguez, atxilotu zuten unean. Espainiako Poliziak antifaza jarri zion: debekatuta dago hori egitea.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia oinarri hartuta, Garazi Rodriguezen tortura salaketa berriz ikertuko dute. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eman du agindua; epaitegiaren arabera, “ikerketa itxi egin zen oraindik instrukziorako bideak zeudenean”. Madrilgo Instrukzioko 29. Auzitegiak abiaraziko du prozedura, Berriak aurreratu duenez.

Rodriguezek Donostiako Auzitegian salatu zituen torturak, 2010eko uztailean. Handik Madrilera bideratu zuten salaketa, baina ez zuen ibilbide luzerik egin: Madrilgo auzitegiak atzera bota zuen, inkomunikazio aldian auzi medikuari ez ziola kontatu argudiatuta. Rodriguezen arabera, auzi medikuari azalpenik ez ematearen arrazoia “beldurra” izan zen, “poliziak atearen beste aldean zeudelako, entzuten”.

Madrilgo Instrukzio Auzitegiak emandako argudioak ez ditu balekotzat jo Konstituzionalak, eta ikerketa berriz zabaltzeko eskatu du, “zaintza judizial eraginkorrerako eskubidea urratu” dela ebatzita. Rodriguezek Grande-Marlaska epailearen aurrean salatu zituen torturak, baina hark ez zuen neurririk hartu.

Segiren aurkako sarekadan atxilotu zuten gazte donostiarra, 2009an. Atxiloketaren hurrengo egunean El Mundo egunkarian argitaratu zen argazki batean antifaza jantzita agertzen zen Rodriguez: legez kanpokoa da atxilotuei antifaza jartzea, nazioarteko torturaren metodoak ikertzeko eta dokumentatzeko eskuliburuaren arabera.

Beste 39 gazterekin batera auzipetu zuten Rodriguez; 2014an absolbitu zituzten guztiak.

Txapartegi ez estraditatzeko eskatu dute

Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak Nekane Txapartegi Espainiara ez estraditatzeko eskatu dio Suitzari. Erakundearen arabera, “Nekane Txapartegik erruduntasun-aitortzak egiteko tortura erabili izanaren ebidentzia handia da”. Sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra betetzen ari da 18/98 auzian zigortuta.

Torturaren aurkako Gobernuz Kanpoko Erakundeak gogorarazi du Espainia behin baino gehiagotan zigortu duela Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, Tortura debekatzen duen konbentzioko 3. artikulua hausteagatik. Espainia zazpi aldiz zigortu du auzitegi horrek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Tortura
Eneko Valdés eta Juan Calvo, Ertzaintzaren zaintzapean hilak: 30 urteko aldea, kointzidentzia gehiegi

1993ko abuztuaren 20an Juan Calvo bilbotarra hil zen Arkautiko Ertzaintzaren komisarian, atxilo zegoela. 2023ko uztailean ARGIAk heriotzaren inguruko informazio eta datu berriak argitaratu zituen, agerian uzten zituztenak Calvok jasotako tratu txarrak zein Poliziaren gezurrak... [+]


Joxe Arregi oroitu dute heriotzaren 43. urteurrenean, Zizurkilen

Torturapean hil zuten zizurkildarra gogoratzeko ekitaldia egin dute igandean. Tortura aitortu eta erreparatzeko bitarteko gehiago eskatu dituzte.


Euskal Herriko torturatu guztiak saretzeko ekimena aurkeztu dute Torturaren Aurkako Egunean

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak aurkezpen agerraldia egin du Bilbon. Torturatu guztiak batuko dituen sare bat osatzeko lan egingo dute, eta topaketa bat iragarri dute urtebete barrurako. Torturaren aitortzan torturatuak agente aktibo izate aldarrikatu... [+]


2024-02-11 | Nekane Txapartegi
Ubelduak moretuz, tortura itzaletik argitara

1999ko martxoan Aiztondo bailaran jazotako gertaera latzak ez ziren eraso isolatuak izan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren aurka emandako beste urrats errepresiboaren zati baizik. “Todo es ETA” (Dena da ETA) doktrinaren menpean, atxilotu eta inkomunikaziopean gu... [+]


Eguneraketa berriak daude