argia.eus
INPRIMATU
Tortura eragozteko “botoi gorria” jarriko dute martxan Katalunian
  • Martxoaren 10ean aurkeztuko da kartzeletako, polizia-etxeetako eta manifestazioetako tratu txarrak eragozteko mekanismoa. Bartzelonako Unibertsitateko Kode penalaren eta Giza Eskubideen Behatokiak (OSPDH) bultzatu du, eta Nazio Batuen Erakundeak babestu du.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 10a
Bartzelonako 4F kasuko torturak 'Ciutat Morta' dokumentalaren bidez ezagutarazi zituzten.

Tresnaren helburua da Kataluniako, Europako eta Munduko instituzioek jakitea kartzeletako funtzionarioek eta poliziek egindako gehiegikeriak, La Directa egunkariaren arabera. Katalunian soilik erabiltzen hasiko dira, baina Espainiako Estatura zabaldu nahi dute. Instituzioetako Indarkeria Kasuen Komunikazio Internazionala eta Erregistro Sistema (SIRECOVI) izena du egitasmoak.

Telefono eta korreo elektroniko berezi baten bidez jar daiteke harremanetan. “Botoi gorria sakatzean, OSPDHko bulegoekin jarriko da harremanetan, eta hainbat alerta mekanismo jarriko da abian. Egoera bakoitzaren larritasunaren arabera, erabakiko da kasua Kataluniako Instituzioetara soilik, edota nazioartera ere zabaltzea”, azaldu du Iñaki Rivera egitasmoaren bultzatzaileetako batek.

Juan Méndez Nazio Batuen erakundeko bozeramailearekin, eta Amnistia Internacional, Human Rights Watch eta Rights International Spain erakundeekin bildu dira egitasmoaren bultzatzaileak, eta guztiek babestu dute proiektua. Juan Méndez Nazio Batuen Erakundeko Torturaren aurkako Bozeramailearen gomendioen ondorioa da ekimena, hain zuzen.

OSPDHk garatu du 40 instituzio ingururen datuak barnebiltzen dituen mekanismo informatikoa, eta kasu bakoitzaren larritasunaren arabera erabakiko dute norengana jo.