Hauteskunde Zentralaren aginduak “kontzienteki eta apropos” aintzat ez hartzeagatik eta Generalitateko eraikinetatik preso politikoen aldeko xingola horiak garaiz ez kentzeagatik, desobedientzia leporatu dio Fiskaltzak Quim Torra presidenteari.
Sinbologia “ideologikoa eta alderdikoia” direla iritzita, preso politiko katalanen aldeko ikurrak kentzeko eskatu zuen Hauteskunde Batzordeak martxoaren 11n. 48 ordu eman zituen agindua betetzeko eta Generalitateak martxoaren 22an kendu zituen xingolak, horren ordez xingola zuriak eta adierazpen askatasunaren aldeko pankartak jarriz.
Orain, Espainiako Fiskaltza Nagusiak Kataluniako Fiskaltzari hala eskatuta, Generalitateko presidentearen kontrako kereila aurkeztu dute.
Presidenteak esana du ez dutela atzerapausorik emango adierazpen askatasunean eta horrek dakarzkion ondorioak onartzeko prest dagoela. Etxeetako leihoak xingola eta bandera horiz betetzera ere animatu ditu herritarrak.