argia.eus
INPRIMATU
Torrak ERC-rekin eten eta aurrekontuak onartu ostean hauteskundeak deituko ditu
  • "Legealdia luzatzeko modurik ez dago", esan du Joaqim Torra Kataluniako lehendakariak hauteskundeak deituko dituela iragartzean. Herritarren aurrean onartu du ere konfiantza galdu duela ERCrekiko. Bide itsuan harrapatuta zegoen Torra, Parlamentuko Mahaiak –Roger Torrent errepublikanoa buru– astelehenean bere gain hartu ondoren Generalitateko presidenteak diputatu akta galdu behar zuela, Hauteskunde Batzordeak agindu bezala. Horregatik iragarri du Torrak parlamentuan aurrekontuak onartu ostean ziurrenik martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran egingo dituztela hauteskundeak Katalunian.

ARGIA @argia 2020ko urtarrilaren 29a

"Joan den astelehenean, eskumenik ez zuen organo batek [Hauteskunde Batzordeak]- diputatu akta gabe utzi ninduen", deitoratu du lehendakariak. Legealdia agortuta dagoela onartu arren, aurrekontuak onartzearen garrantzia azpimarratu du: "Ardurarik handienez jokatzeko garaia da eta Katalunia jarri behar dugu beste edozein interes alderdikoiren gainetik. Gizarte behar asko konpondu behar dituzten aurrekontuak onartzea eskatzen du". Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteordeak, gaur aurkeztuko dizkie aurrekontuok gainerako kontseilariei, Parlamentura eraman eta azken onarpena eduki dezaten.

Zorrotz mintzatu da Torra ERCren kontra: "Astelehenean ez zen independentismoaren adostasuna errespetatu. Aurretik ere aurkitu izan gara errepresioa saihesteko borondatearekin. Baina ziur nago makurtu barik egiten zaiola aurre errepresioari. Gobernuak ezin du funtzionatu ez badago bere kideen artean batasunik, estrategia partekaturik eta leialtasunik. Lehendakaritza den instituzioa babesik gabe utzi da, lehendakariari bere diputatu kargua erantzita. Eta honek Kataluniako Gobernua arriskuan jartzen du".