argia.eus
INPRIMATU
Tolosako azoka: euskara eta kulturaren gune irekia izango da larunbatean
  • Jakoba Errekondo paisajista, Ione Gorostarzu poeta eta Xabier Solano musikaria batuko ditu Sormenetik egitasmoak. Azoka, euskara eta kultura elkarrekin sustatu nahi ditu ekimen honek.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko irailaren 24a
Sormenetik egitasmoaren aurreko emanaldia. Argazkia: Tolosaldeko Ataria.

Tolosan euskararen erabilera azokaren bueltan dago indartsuen, eta ekimen hauen bidez kultura, azoka eta euskara bultzatzea du helburu Sormenetik egitasmoak.

Jakoba Errekondok eta azokan parte hartzen duen baserritar batek hizkuntza eta lurra oinarri izango dituen hitzartzea eskainiko dute. Ondoren, Ione Gorostarzuk poesia errezitaldia eskainiko du. Xabier Solanori elkarrizketa egingo diote Ione Gorostarzuk, Aiora Zulaika "Pirritx" eta Joxi Ubeda kazetariak. Jarraian, Solanok zuzenean hainbat abesti joko ditu. Haur eta helduentzako esperimentazio tailerra egingo da eta azokako produktuekin Patxine jatetxeko Joseba Aranburu sukaldariak prestatutako jakiak dastatzeko aukera egongo da.

Sormenetik, herri eragileen elkarlana

Udaberrian jarri zuten martxan ekimena herri eragileen artean. Kultura, euskara eta azoka lotzeko espazio ireki bat landu nahi dute, hiru eremuak elkarrekin aberasteko. Urtean halako bi ekimen egitea dute aurreikusia.