argia.eus
INPRIMATU
‘Tokiz Kanpo’ saioa laster ikusgai Hiru Damatxo eta Islandia ekoiztetxeen eskutik
  • Elkarrizketa formatua izango duen ikus-entzunezko eduki berria estreinatuko dute datorren otsailaren 7an Donostiako bi ekoiztetxeek. Oraingoz, bi astean behin ale bat zabalduko dute sarean. Elkarri zerbait esateko asmoz, parez- pare jarri dituzten bi lagunen arteko solasaldia izango dira programaren muina. Lehen gonbidatuak Maite Arrotajauregi eta Maite Larburu musikariak izango dira.

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 25

Iazko udatik daramate proiektuarekin lanean. Irailetik abendua bitartean grabatu dituzte saioak eta oraingoz sei egin dituztela azaldu dute. Telebista konbentzionalean dena “entretenimenduaren galbahetik” pasatzen den garai hauetan, edukiaren balioa aldarrikatu nahi izan dute. “Aldarrikatzen dugu, era berean, ikusirik telebista beste logika batean doala, halako euskarazko edukiak sarean finantzagarri izan daitezen baliabideak jar daitezela”. Hala ere, inoren zain egon gabe, euren kabuz sarean zabaltzen hasiko dira.  

Gonbidatuei dagokienez, arlo ezberdineko pertsona erreferenteak aurrez-aurre jarri dituzte. Hala nola, aurretik aipatutako bi musikariez gain, Gorka Erostarbe eta Gorka Bereziartua kazetariak, Ander Gortazar eta Jon Ander Agirre arkitektoak, Itxaro Borda eta Miren Agur Meabe idazleak, Telmo Trenor eta Aitor Etxeberria musikariak eta Ramon Zabalegi eta Nagore Legarreta artista grafikoak.

Protagonistentzat  “ezohiko” tokiak diren lekutan  girotu dituzte elkarrizketak. Hortik dator Tokiz Kanpo izena. Besteak beste, Arroitajauregi eta Larburu Eibarko El Corte Inglés parean jarri ditugu; Erostarbe eta Bereziartua Larraitzen, Txindoki magalean; Gortazar eta Agirre Pasaiako portuan eta Donostiako aldirietan; Borda eta Meabe Lekeitioko Arraun Taldearen egoitzan; Trenor eta Etxebarria Bilboko Berreginen Museoan; eta Zabalegi eta Legarreta, azkenik, Hernaniko gasolindegi batean.

Hemen duzue sare sozialetan zabaldu duten aurkezpen bideoa. Behin saioa estreinatuta ARGIAko multimedia kanalean ere ikusgai egongo da.