argia.eus
INPRIMATU
Gure Gain
Tokiko laborantzarako eta mendien kudeaketarako elkarte berria Baiguran
  • Gure Gain elkartea sortu berri dute Ipar Euskal Herriko Baigura eskualdean, mendiaren kudeaketari eta laborarien beharrei begira, proiektu amankomunak eta elkarlana sustatzeko. Zortzi herri batu dira elkartean: Luhuso, Makea, Lekorne, Heleta, Irisarri, Ortzaize, Arrosa eta Bidarrai. “Mendiaren kudeatzeko badira hainbat sindikatu eta elkarte Xiberoan, Garazin eta Baigorrin. Hemen, gure zortzi herri horien artean diren mendi ertain horietan, deus ez zen”, esan zuen Jeff Mateo Ortzaizeko hautetsiak Euskal Irratietan. Hutsune hori betetzeko asmoz abiatu dute proiektua.

Garazi Zabaleta 2023ko urriaren 16a
Argazkia: Euskal Irratiak.

AFPak –Mendiko Lur Funtsak– baziren martxan elkarteko zenbait herritan lehenagotik, baina nor bere herriko mendiaren kudeaketara mugatzen ziren gehienak. Bidarraiko, Arrosako eta Makeako AFPek elkarrekin egiten zuten lan, dena den, eta bazuten animatzaile bat lanean. “AFPen ahalmena mendien kudeaketara mugatzen da. Laborantzari dagokion alde ekonomikoa garatzeko, adibidez, ez dute konpetentziarik”, azaldu du Mateok. 340 etxalde inguru dauden eskualdean, laborari guztien arazoak direnei erantzuna emateko tresna bateratuak sortzea beharrezkoa zela ikusi zuten, eta horiek bultzatzea da elkartearen asmoa.

Lana aurrera eramateko eta administrazio kontseiluaren gogoetetatik proiektu desberdinak abian jartzeko, animatzaile bat izanen dute taldean, eta laborariendako eta laborarien ondoan eginen du lan pertsona horrek. Zeintzuk dira laborarien arazo edo hutsune amankomun nagusiak? Zortzi herrietako laborariei inkesta pasatu diete, behar nagusiak identifikatzeko. Anne Marie Sabarots Bidarraiko hautetsiak, horrela azaldu zuen Euskal Irratietako elkarrizketan: “Lehen proiektua lan partekatuarena izan da, eta erosketa amankomunen eta saltokiaren inguruan ere atera dira beharrak”.

Laborarien arteko loturak josten

Proiektu kolektiboak bultzatuko ditu Gure Gain elkarteak. Arestian aipatutako lan partekatuaren kasuan, adibidez, etxalde bakoitzak bere langile propioa izateko nahikoa ahalmen izan ez arren, etxaldeen multzoak egin dituzte, langile bat taldean hartzeko. “Elkartearen lana da laborarien arteko lotura eta sarea egitea”, azaldu zuen Sabarotsek Kanalduden. Bazkak elkarrekin erostea edo transformazio gune amankomuna martxan jartzeko asmoa dira beste adibide batzuk. Eta, saretze eta elkarlan horretarako, aliatu dituzte laborantzaren bueltako beste elkarte batzuk, Euskal Herriko Laborantza Ganbara kasu.

Urriaren 7an egin zuten Arrosan elkartearen aurkezpen festa. Mahai ingurua, zikiro jatea, jokoak eta kontzertua izan zituzten, besteak beste. Behin martxan jarrita, eta Sabarotsek argitu bezala, ”xinaurri lana” eginen du elkarte berriak.