argia.eus
INPRIMATU
Tirabirak euskalgintzako erakundeen eta Frantziako Gobernuaren artean
  • Frantziako Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko Harremanetarako ministro Jacqueline Gouraultaren “Eskola publikoetako ama eskoletan murgiltze eredua garatzea ez zela legezkoa” esaldiak hainbat erakunderen arrapostua ekarri du.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 17a
Ipar Eukal Herriko ordezkari politikoak euskara sustatzeko ituna sinatu zutenean. Zutik dagoena BeƱar Arrabit EEPko lehendakaria da.

Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) lehendakariak eta hainbat erakunderen ordezkariek gutuna helarazi diete Frantziako Lehen ministro Edouard Philipperi, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroari eta Jacqueline Gouraulti berari.

Eskutitzean besteak beste, “Gorault ministroa esperimentazioaren kontra hitz egiteak ‘nahasmendua’ sortu duela dio EEP-k. Eredua etetea “onartezina” dela dio idazkian. Baita murgiltze eredua tinko defendatuko dutela adierazi ere Frantziako Gobernuari.

Gutuna halaber, EEPko lehen lehendakariorde eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko lehendakari ordezko Benedicte Luberriagak eta EEPko bigarren lehendakariorde eta Akitania Berriko lehendakariaren ordezko Mathieu Bergek sinatua da: “Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko Harremanetarako ministroaren esanak ezin ditugu estatuaren erantzun ofizial gisa kontsideratu”, azpimarratu dute gutunean.

Tentsioa eragin izana testuinguru honetan ulertu behar da: Iragan berrian, Hezkuntza Ministerioarekin adostu izan dira hitzarmen arautuak euskal lurraldean, baita euskararen aldeko esperimentazioak egin ere. EEPk eta Hezkuntza Nazionalak euskara sustatzeko irakasle behar handia duela berretsi dute azken urteetan, eta euskararen aldeko finantzamenduetan engaiatuko dira bi aldeak. Ahalegin horiek fruituak ematen ari diren une honetan murgiltze garapenaren eteteko asmoa ikusi dute euskalgintzan ari diren erakundeek.

Gutun irekia honela amaitu dute euskal erakundeen eragileek: “Hezkuntza Ministerioari eta dagozkien beste ministerioei ohar hau helarazi diegu, murgiltze ereduko sailen garapena euskarazko eta euskararen irakaskuntzaren garapen politikan behin betiko integra dezaten”.