Oraingoz hamabi gazte-taldek eman dute izena. Taldeen arteko bikoteak osatuko dituzte, eta haien arteko harreman informalak euskaratik eta euskaraz garatuko dituzte. Helburua da kontzientzia linguistikoa berpiztea. Euskal Herrian Euskarazek eta Gazte Euskaltzaleon Sareak abian jarri duten proiektua da TindEHEr. Euskal Herriko gazte taldeek izena eman ahal izango dute uztailaren 31 bitartean.
Testuingurua jarri dute proiektuaren bi dinamizatzaileek: euskararen egoera normalizatu den diskurtsoak indarra hartu du eta ilusio hori zabaldu da, eta gazteak hizkuntza eta nazio auzietan nabarmen despolitizatu direla uste dute egitasmoaren bi eragileek. Giro horretan, gazte euskaldunengana jo nahi dute, bereziki gazte militante antolatuengana. Jomuga dituzte gaztetxeak, gazte asanbladak, gazte mugimenduak eta bestelako gazte talde eraldatzaileak. Haien arteko harreman informalak bultza nahi dituzte, senidetzeak egin, denboran iraungo dutenak. Harreman horiek euskaraz eta euskaratik izan daitezen lan egingo dute. Eta ahal izanez gero, euskara eta euskal kultura haien herrietan zabaltzea izango da helburua.
Horretarako, gazte taldeen arteko bikoteak osatuko dituzte, alegia, “matxak” egingo dituzte. Batez ere bi irizpide hartuko dituzte kontuan bikoteak egiterakoan: Ipar eta Hego Euskal Herriko gazteak elkar ezagutzea eta eremu soziolinguistiko desberdinetakoen arteko harremanak sustatzea.
TindEHEr egitasmoan izena eman daiteke uztailaren 31ra arte lotura honetan.