The Yes Men taldearen troleoa Europako Parlamentuan: Terrorismoaren aurkako behin betiko konponbidea

  • Global Security Response enpresaren izenean Endura esfera aurkeztu zuten, edozein erasotatik babesteko koraza pertsonala. Europako parlamentuan The Yes Men taldeak egiten duen lehen ekintza zuzena da, eta Europako terrorismoaren aurkako politikak kritikatzea zuten helburu.


2016ko urtarrilaren 15an - 10:38
The Yes Men bikotea ezagun egin zen multinazional handien aurka egin zituen ekimen komunikatiboen harira.

“Terrorismoarekin bukatzeko aukera bakarra herrialde horietako pertsona guztiak hiltzea litzateke, baina, hori ulertu ezazue, ezinezkoa da”. Global Security Response enpresako bozeramaile eta defentsako aholkulariaren hitzak dira hauek. Urtarrilaren 12an terrorismoaren aurkako behin betiko soluzioa aurkeztu zuen Europako Parlamentuan. Ordu arte aurrera eramandako politikak ez direla eraginkorrak izan azaldu zuen aurkezpenean: “Ez dira oso inteligenteak izan. Frantziako erasoen osteko erantzuna suari gasolinarekin aurre egitea bezala izan da. Terrorista gehiago agertzea ekarri du, AEBek Iraken egindako bonbardaketek bezala”.

PowerPoint baten bidez “terrorismoaren aurkako” gerraren alferrikakotasuna erakutsi, eta Global Security Response enpresak sortutako produktuaren onurak azaldu zituen: Endura izeneko esfera. Schumperten esanetan produktu horrek aukera ematen dio pertsona orori edozein eraso terroristatik bere gotorleku propioan babesteko. Aurkezpenaren erdian bi pertsona azaldu ziren Endura esferak babestuta.

Baina, terrorismoaren aurkako soluzio militarrik existitzen ez den bezala, Endura esfera ere ez da erreala. The Yes Men taldearen ekintza izan zen. Segurtasun enpresako ordezkaria Andy Bichlbaum zen, The Yes Men taldearen bi sortzailetako bat, eta esfera zeramatzatenak bi eurodiputatu ziren Stelios Kouloglou eta Martin Sonneborn. Ekintzaren helburua, defentsa eta segurtasunaren paradigmaren baitan terrorismoaren aurkako soluziorik ez dela erakustea zen.

Ekintzan Bichlbaumek bibote faltsu bat zeraman soinean. “Bibote koloniala” bere esanetan. “Terrorismoarekin bukatzeko edozein saiakerak ez badu historia koloniala kontuan hartzen porrot egingo du”, adierazi zuen, “Lehen Mundu Gerra ostean Ekialde Hurbila banatu zutenetik, AEBek Irak inbaditu zuten arte, arrazoi ugari daude gauzak izan beharko luketen bezala ez izateko”.

Ekintzan parte hartu zuen Stelios Kouloglou Syriza alderdiko eurodiputatuak salatu zuen Sirian egiten ari diren bonbardaketak Estatu Islamikoaren “errekrutatze arma” direla, eta gaineratu zuen terrorismoa garaitzeko bide bakarra Siriako gerra bukatu, errefuxiatuei ongi etorria eman eta islamista moderatuekin harremanak hobetzea dela.

Ekintza zuzenak tresna dituen bikotea

The Yes Men bikotea ezagun egin zen multinazional handien aurka egin zituen ekimen komunikatiboen harira. Beren ekintzarik entzutetsuena, AEBetako enpresa kimiko Dow Chemical-en izenean, 2004an BBCn zuzenean haren ordezkari balira bezala, planta bat itxi eta Indian Bhopalen izandako istripuko biktima guztiak ekonomikoki konpentsatuko zituztela iragarri zutenekoa izan zen. Wikileaks-ek argitaratu zuen CIAren paperetan ere ageri dela bikote ekintzailea. The Yes Men Fix the world dokumentala beraiei buruz da, ARGIAko multimedia kanalean euskarazko azpidatziekin ikus daiteke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Parlamentua
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


Europako Parlamentuak Adimen Artifizialaren Legea onartu du

Parlamentuak asteazkenean onartu du adimen artifizialari buruzko legea, haien esanetan segurtasuna eta oinarrizko eskubideen errespetua bermatzen dituena, eta, aldi berean, berrikuntza bultzatzen duena.


Legez kanpoko migrazioa arautzeko itun gogorragoa adostu dute Europar Batasuneko agintariek

Europako Legebiltzarrak eta Europar Kontseiluak abenduaren 20an onartu dute EBko Migrazio eta Asilorako Ituna. Batez ere, legez kanpo iristen saiatzen diren migratzaileen egoera gogortuko du.


Europar Batasunak egin behar die aurre kolonialismoaren inpaktuari eta erreparazioei, zenbait eurodiputaturen ustez

Aurkeztutako dokumentuan, eurodiputatu batzuek adierazi dute EBk izan behar duela ereparazio-prozesuen buru, eta neurri berriak eta justizia errestauratiboari buruzko foru iraunkorra eskatu dituzte.


Nuklearra energia garbitzat hartzea eskatu du Europako Legebiltzarrak

Legebiltzarrak astearte honetan, hilak 21, onartu du erabakia gehiengo handiz: 456 boto alde eta 153 kontra. Horren bidez, eskatu dio Europar Batzordeari prestatzen ari den Isuririk Gabeko Industriaren Europako Legean onar dezala energia nuklearra zero isuri duten energien... [+]


Eguneraketa berriak daude