argia.eus
INPRIMATU
The Intercept, Washingtongo sekretuak jasoko dituen atari berria
  • Edward Snowden CIAko agente ohiaren filtrazioak jaso eta argitaratu zituzten kazetariek webgune berria sortu dute, AEBetako gobernuaren operazio sekretuak argitaratzen jarraitzeko asmoz: The Intercept.

ARGIA @argia 2014ko otsailaren 12a
The Intercept webgune berria. Argazkia: Ara.cat

Glenn Greenwald eta Laura Poitras dira atari horren sortzaileak. Snowdenek AEBetako Segurtasun Agentzia Nazionalaren (NSA) filtrazioak eman zizkien kazetariei eta Greenwald izan zen lehenengoa filtrazioak argitaratzen The Guardian egunkari britainiarrean.

Aldizkari digitala izango da The Intercept. Lehenengo zenbakian, euren eginkizun berriaren sarrera egin dute. NSAren zereginari buruzko erreportajea eskaini dute, baita AEBetako agentzia sekretuetako argitaragabeko satelite bidezko argazkiak publikatu ere.

Kazetari jazarriak

Zuzendariek aurkezpenean adierazi dutenez, gaur egun AEBetako segurtasun nazionalari eta sekretupeko programei buruzko kontuez idazten duten kazetariei lapurreta delituak leporatzen zaizkie. Snowdenek filtratutako dokumentuei buruzko informazioa argitaratzeagatik haren konplize izatea leporatu dietela gogorazi dute.

“Mehatxu horiengatik ez dugu atzera egingo, egiten dugun kazetaritzarekin jarraituko dugu, ekimen honen funtzio nagusietakoa gure prentsa askatasuna defendatzea baita.”, azaldu dute aurkezpenean. “Aurrera jarraituko dugu, menpekotasunik gabeko prentsa askea edozein gizarte demokratiko osasuntsu baten osagai ezinbestekoa dela uste baitugu”.

E-bay-ren sortzaileak finantzatua

Pierre Omidyarrek, E-Bay webgune famatuko sortzaileak, finantzatuko du. Gai askoren inguruko erreportajeak eskainiko dituztela azaldu dute, sekretupeko gaietatik hasita askatasun zibilen bortxaketa, desberdintasun soziala eta ustelkeria politikoa ukitzen dituzten gaiak jorratuz.