argia.eus
INPRIMATU
Texasko espetxean heriotza susmagarria: arrazakeriaren azken biktima?
  • Uztailaren 13an aurkitu zuten bere ziegan hilik Sandra Bland, 28 urteko emakume afroamerikarra. Autopsiak suizidioa izan dela adierazten badu ere, Blanden familiak, lagunek eta beltzen eskubideen aldeko ekintzaileek bertsioa zalantzan jarri dute, eta atxiloketan guardiek izandako jarrera “basatia” salatu.

Garazi Zabaleta 2015eko uztailaren 28a
Sandra Bland-en oroimenez ekitaldiak egin dituzte hainbat tokitan (argazkia: Light Brigading)

Oihartzun handia izaten ari da Blanden kasua sare sozialetan. Trafikoko arau-urratze arin bategatik geldiarazi zuen Texasko Guardia Nazionalak. Bideo batean ikusten denez, Blandek ibilgailutik  ateratzeko guardiaren agindua zalantzan jartzean, jarrera bortitzean atera zuen Brian Encinia ofizialak, deskarga elektrikoko pistolarekin “erretzea” mehatxatuz.

Bideoan ez da inongo momentutan agenteen aurkako oldartzerik ikusten, baina Bland atxilo eraman zuten ofizialari eraso egin izana leporatuta. Handik hiru egunetara, hilik aurkitu dute gaztea Texasko espetxeko ziegan.

Bertsio ofizialak dio plastikozko poltsa batekin urkatuta bere buruaz beste egin duela. Familiak, ordea, Blandek bere buruaz beste egin izana baztertzen du, horretarako arrazoirik ez zuela argudiatuz, eta berarekin hitz egindako azken aldian “gogotsu” eta “umorez” sumatu zutela adieraziz. Autopsia independentea egin diezaiotela eskatu dute.

 
Jokabide arrazistak, eguneroko ogia

Konderriko fiskalak adierazi du ikerketa sakona abiatuko dutela Blanden atxiloketaren eta heriotzaren xehetasunak argitzeko. Konderriko aguazilaren jarrera arrazistak lehenagotik ere salatu izan dituzte, eta honek kasuaren gaineko zalantzak handitu egin ditu.  

Polizien eta estatuko indarren partetik AEBetako herritar beltzek jasaten dituzten etengabeko eraso eta hilketek protesta eta salaketa mugimendu indartsuak eragin ditu urte honetan. Blanden kasuarekin berriz ere handitu egin da komunitate afroamerikarraren mesfidantza eta haserrea.