Uztailaren 13an aurkitu zuten bere ziegan hilik Sandra Bland, 28 urteko emakume afroamerikarra. Autopsiak suizidioa izan dela adierazten badu ere, Blanden familiak, lagunek eta beltzen eskubideen aldeko ekintzaileek bertsioa zalantzan jarri dute, eta atxiloketan guardiek izandako jarrera “basatia” salatu.
Oihartzun handia izaten ari da Blanden kasua sare sozialetan. Trafikoko arau-urratze arin bategatik geldiarazi zuen Texasko Guardia Nazionalak. Bideo batean ikusten denez, Blandek ibilgailutik ateratzeko guardiaren agindua zalantzan jartzean, jarrera bortitzean atera zuen Brian Encinia ofizialak, deskarga elektrikoko pistolarekin “erretzea” mehatxatuz.
Bideoan ez da inongo momentutan agenteen aurkako oldartzerik ikusten, baina Bland atxilo eraman zuten ofizialari eraso egin izana leporatuta. Handik hiru egunetara, hilik aurkitu dute gaztea Texasko espetxeko ziegan.
Bertsio ofizialak dio plastikozko poltsa batekin urkatuta bere buruaz beste egin duela. Familiak, ordea, Blandek bere buruaz beste egin izana baztertzen du, horretarako arrazoirik ez zuela argudiatuz, eta berarekin hitz egindako azken aldian “gogotsu” eta “umorez” sumatu zutela adieraziz. Autopsia independentea egin diezaiotela eskatu dute.
Konderriko fiskalak adierazi du ikerketa sakona abiatuko dutela Blanden atxiloketaren eta heriotzaren xehetasunak argitzeko. Konderriko aguazilaren jarrera arrazistak lehenagotik ere salatu izan dituzte, eta honek kasuaren gaineko zalantzak handitu egin ditu.
Polizien eta estatuko indarren partetik AEBetako herritar beltzek jasaten dituzten etengabeko eraso eta hilketek protesta eta salaketa mugimendu indartsuak eragin ditu urte honetan. Blanden kasuarekin berriz ere handitu egin da komunitate afroamerikarraren mesfidantza eta haserrea.
Hainbat herritarri suzko arma batekin tiro egin ostean bi pertsona zauritu zituzten udaltzainek, horietako bat larri, pasa den martxoaren 21ean, Barakaldon. Tirokatuak kalean bizi ziren magrebtar jatorrikoak izatea ez dela kasualitatea dio 77 elkartek sinaturiko adierazpenak:... [+]
Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]
Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena... [+]
Donostiako Egia auzoan, azken hilabeteetan, bizilagunen artean segurtasunaren inguruko kezka handitu da, eta “beldur eta urduritasunak duen garrantzia aitortu eta sentimendu horiei lekua” egin behar zaiela aldarrikatu dute.