argia.eus
INPRIMATU
Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa “diskriminatzailea” dela salatu du Memoria Osoa sareak
  • Herritarrak mobilizatzera deitu dituzte bihar Gasteizen, zentroaren inaugurazioarekin bat eginez. Bizikidetzaren aurkako "erasoa" dela salatu dute.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 31

Oroimen historikoa lantzen duten elkarteak batzen dituen Memoria Osoa sareak agerraldia egin du astelehen eguerdian Gasteizen, asteartean inauguratuko den Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentrotik metro gutxira. Zentroa “diskriminatzailea” eta “baztertzailea” dela salatu dute, estatuaren ardura diren milaka biktima kanpoan utzi dituelako. “Une historiko honetan, giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituen proiektu eta dinamika eraikitzaileak eta integralak behar ditugu”, adierazi dute Nerea Martínez eta Josu Ibargutxi bozeramaileek, eta horregatik jo dute biktimen aurkako erasotzat astearteko inaugurazioa.

Protesta inaugurazioaren aurka

Astearte goizean inauguratuko dute zentroa, eta bertan izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria, Perdo Sánchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Felipe VI. Espainiako erregea. “Tamalez, gaurkoan gure memoria kolektiboa modu zatikatuan jorratzen duen eta errealitatearen zati handi bat baztertzen duen zentro bat nola zabalduko duten ikusi beharrean gaude”, adierazi dute Martínezek eta Ibargutxik. Elkarretaratzea antolatu du Memoria Osoa sareak inaugurazioaren ordu berean, eguerdiko hamabietan, Foru Enparantzan, Memoria osoa bizikidetzaren alde, giza eskubideen urraketen arteko diskriminazioari ez lelopean

EH Bilduren kritikak

EH Bilduk ere inaugurazioaren aurka egin du. Zentroak biktimak mailakatzen dituela salatu dute Unai Urruzuno eta Eba Blancok, besteak beste: “Biktima batzuk lehen mailakoak izango dira, beste batzuk bigarren mailakoak, hirugarren mailakoak edota laugarren mailakoak. Eta beste batzuei biktima izaera bera ere ukatzen zaie”. Zentroa “bunker memorialista” bat izango da, EH Bilduren esanetan.