Diada berezia izango da aurtengoa: Puigdemont-ek protagonismoa berreskuratu du, eta aspaldian isilean zegoen amnistiaren aukera berragertu egin da Sánchezen inbestidura jokoan dagoen honetan. Gaurko Diada bi fenomeno hauek deskribatuko dute: amnistia eta inbestidura. Eta eragileak bi izango dira, Junts eta ERC. Gaurko eguna Espainiari presio egiteko baliatu dute, baina euren arteko lehia ere handia izango da, azken hauteskundeetan astindu galanta eman zien PSCri eta PSOEri hitza eman gabe. Bada hirugarren eragile bat ere, Kataluniako Asanblada Nazionala (ANC), zeinak alderdi politikoei puntu eta aparte egiteko eta bide orriak berrikusteko iradoki dien, besteak beste, Berrian: “Ematen du Espainia jakin bat salbatu behar dugula, baina, egiazki, handik atera nahi dugu”.
Generalitateko presidente Aragonès egongo da gaur 17:14 direnean abiatuko den manifestazioan. Aurreko urtean ez zen egon, “alderdi politikoen aurkako aldarriak” zeudela argudiatuta, baina egiazki, eta ANCk esana du azken asteotan, iazko argudio eta kritika kasik berberak mantentzen ditu mugimenduak alderdi instituzionalekiko. Agian aldatu dena da ERCk kolpe latza jaso duela hauteskundeetan, Bartzelona PSCren eskuetan geratu dela, Junts-en eta Borrásen barne-krisia deskribatzeko hitzik topatzea zaila dela eta jendea nekatu dela Waterloo-ra begiratzeaz. CUPen egoera ere aipagarria da; Gironako udala kenduta –alkatetza irabazi berri duela–, jaitsi egin ditu ordezkaritzak han eta hemen, eta desagertu egin da Espainiako Kongresutik–.
Hori da aldatu dena orain arte, Espainiako Gobernuko inbestidura aintzat hartu gabe. Madrilgo egoera politikoari garrantzia ematen lehenengotarikoak izan dira alderdi katalanak, han negoziazioak eta tempoak markatzeak barnean dituzten krisiak konpon ditzaketela pentsatzen dutelako. Gaur kalera aterako diren askori, baina, ezer gutxi axolako dio oilarren arteko mokokada-batailak. Are gutxiago publikoki esana dutenean lehen eskakizunen artean ez dutela autodeterminazioa eta independentzia bezalakorik errealki kontenplatzen. Independentismoaren aldarri instituzionalik ez Kataluniako aberriaren egunean.
Amnistia "erdigunean" jarri dute ERCk eta Junts-ek, horixe izan da azpimarratu nahi izan dutena, hala leitu daiteke han eta hemen, eta galdera da ea zein oinarri duen "exijentziak"; alegia, inbestidura babesteko trukerako amnistiarik ez balego, ea hauteskundeetara joko luketen. Hauteskunde errepikapenak sortuko luke amnistia nahitaez ekarriko lukeen agertokia? Nabarmendu den leloak ("Amnistia, inbestidura truk") badu zentzurik?
Onze de Setembre honetan herriak hitz egin beharko luke. (Zutabe interesgarria idatzi du Vicent Partal-ek Vilaweb-en gaiaren bueltan)