Gasteizko Errekaleor auzoko bloke batzuetan argindarra moztu du Iberdrolak. Udaltzainez gain, Ertzaintzaren hainbat furgoneta ere bertaratu dira.
Errekaleor bizirik!-ek Twitterren salatu duenez, poliziak bertan daudenen aurka kargatu du: "Identifikatzen hasi eta porra luzagarriak ateratzen bukatu dute". Kargen eraginez jendea zauritu dutela ere salatu dute: "Auzokide bat anbulantzian dago".
Errekaleorreko kide batek Hala Bedi irratiko Suelta la Olla saioan adierazi duenez, jendea inguruetara hurbildu da eta prezintatutako eremuaren barruan gazteek eserita jarraitzen dute. Auzora hurbiltzeko deia egin dute.
Topatu.info-ren arabera, Errekaleorren bizi diren gazteak “erasoa” erresistentzia eginez gelditzen saiatzen ari dira.
Gasteizko Udala auzoa husteko ahaleginean
Martxoaren hasieran Info7 irratian egindako elkarrizketa batean Gasteizko Udalak auzoa hustutzeko mugimenduak egiten ari zela salatu zuten Errekaleorreko kideek.
Auzoko etxe okupatuetako batzuk Ensanche 21 udal enpresarenak dira. Enpresaren arabera, etxebizitza batzuk “legez kanpo” okupatuta daude eta eraikinen egoerak bertakoen bizitzak "arriskuan" jartzen ditu.