Josep Borrell buru den Europar Batasuneko kanpo politikako departamentuak txosten bat kaleratu zuen ostiralean. The New York Timesek argitaratutakoaren arabera, txosten hori atzera bota eta berridatzi egin zuten, Txinak egindako presioen eraginez. Tonua eta koronabirusaren erantzukizuna Txinari luzatzen zioten testu zatiak aldatu zituzten, besteak beste. Europar Batasuneko bozeramaileek informazio hori ukatu eta Borrelli azalpenak eskatu dizkiote.
Peter Sano, Europako Batzordeko bozermaileak ezeztatu egin du kanpoko presioen ondorioz testurik aldatu dutenik: “Txosten hori berridatzi eta gero argitaratu dela ulertzea edozein instituziotako prozedurak gaizki ulertzea da. Komunikabideetan ere, suposatzen dut barne komunikaziorako kanal bat duzuela, eta beste bat zuen publikoari zuzenduta dagoena”. Dena den, Josep Borrelli azalpenak eskatu dizkio Sanok.
Txostena Europaz Kanpoko Ekintzarako Zerbitzuak desinformazio kanpainen berri emateko daukan atarian argitaratu zuten eta bertsio horretan aditzera ematen da Txinak pandemiaren ardura bere gainetik kentzeko joera daukala. The New York Times-en arabera, ordea, dokumentuaren aurreko bertsiotik argitaratutako bertsiora aldaketak egin dira; esaldiak aldatu dira eta tonua jaitsi da, baita espero baino beranduago argitaratu ere.
Nahiz eta Europar Batasunaren jarrera AEBetakoa baino apalagoa izan, eta Txina pandemiaren errunduntzat jo ez, zenbait esalditan tonua aldatu dutela baieztatu du egunkariak.
Kasuak estualdian jarri du Josep Borrell politikaria, Sanok eskatutako azalpenez gain beste hainbat politikarik ere auzia argitzeko eskatu baitiote azken orduetan.