Ekainaren 20ko osoko bilkuran, herritarren txanda baliatuta, hitza hartu zuen Auzoan Bizi etxebizitza sareak, gasteiztar guztiei errolda eskubidea bermatzea aldarrikatzeko. Etxebizitza sareko kideek PPko zinegotzi Gustavo Antépararen negozioak ere salatu zituzten, eta horrek tentsio handia piztu zuen, beheragoko bideoan ikusi daitekeenez.
Auzoan Biziko kideek errolda eskubidearen aldeko mozio proposamena azaldu zuten beren lehen hitzartzean, udalak eskubide hori urratzen duela salatuta –mozioa baztertu zuen udalak, PSE, PP eta EAJk aurka bozkatu zuten eta EH Bilduk eta Elkarrekinek alde–. Ondoren udaleko talde politikoek hitz egin zuten banan-banan, eta jarraian bigarren eta azken hitzartzerako tartea izan zuten etxebizitza sareko kideek. Orduan egin zioten aipamena Gustavo Antépararen "legez kanpoko" negozioei, eta liskarra piztu zen (ARGIAk hainbat ikerketa eta albiste argitaratu ditu EAEko PPko buru Javier de Andresen hurbilekoa eta Gasteizko Udalean zinegotzi den Antépararen negozioen inguruan, lotura honetan daude eskura).
“Tipo hori [Antépara] gure auzoko espekulatzailerik handienetakoa da, Luxury Apartments bere enpresarekin Alde Zaharreko bloke oso baten jabea da eta bertan legez kanpoko obrak egin ditu. Auzokideak kexatu egin direnean mehatxatu egin ditu, legez kanpo dauden bi etxebizitza...”. Auzoan Biziko kideari ez dio hizketan jarraitzen utzi Maider Etxeberria PSEko alkateak, ordurako zurrumurruak zabalduak daude aretoan, eta “errespetu pixka bat” eskatzen dio hizlariari. Jarraian entzuten den ahots sumindua Iñaki García Calvo PPko bozeramailearena da: “Nahikoa da! Adierazpen askatasuna bai, baina kide baten lan profesionala kriminalizatu gabe!”. Etxeberriak hitza ukatzen dio García Calvori (“ez da zure txanda”), berriz ere herritarren txandako bozeramaileei zuzentzeko: “Alderdi Popularrarekiko errespetua exijitzen dizuet”.
Segundo batzuetako etenaren ostean, azkenengoz hartzen du hitza etxebizitza sareko kideak: “Zuek legea eta oinarrizko eskubideak errespetatzen dituzuenean guk ere errespetatuko zaituztegu. Berriro diogu, eta amaitzeko, [erroldaren gaiari heltzen dio berriro ere] prebarikatzen ari zarete, oinarrizko eskubideak urratzen ari zarete. Bagoaz eta ez dugu [alderdi politikoen] azken hitza entzungo”.
PP: "Ez gara kikilduko"
Behin Auzoan Biziko bozeramaileak alde eginda, suminduta hitz egiten dute EAJko, PPko eta PSEko udal ordezkariek: etxebizitza sareko kideei leporatzen diete portaera “lotsagarria” izatea, “errespeturik” ez izatea edo udala iraintzea. Osoko bilkura osoa jasotzen duen bideoan ikus daitezke interbentzio horiek, 1:44:54tik aurrera.
Marta Alaña PPko zinegotziak Gustavo Antépararen defentsan eta haserre betean esandakoak soilik ekarri ditugu hona: “Demokrazia erakustaldi bikaina, eman digutena. Faxista beste batzuei esaten dietenak. Faxismoaren adibide bat nahi zenuten? Hor duzue (...) Koldar batzuk dira, beti izan diren moduan (...) Ez duguna onartuko da talde honetako kide baten bizitza pribatuaren eta ohorearen aurka egitea. Epaitegi batetara joan eta probatzen ez duten bitartean, egiten ari direna da gezurrak esatea eta difamatzea, eta ez diegu toleratuko. Ez gara kikilduko, ez ziguten beldurrik eman iraganean eta ez digute orain emango”.
Liskarrean presente egon zen Gustavo Antépara, bere eserlekua Auzon Biziko bozeramaileen kokalekuaren ondoan zegoen, baina ez zuen hitza hartu ere egin. "Euskaraz ari ginen eta ez zuen pinganilloa jarri ere egin, mugikorrarekin ari zen", azaldu diote etxebizitza sareko kideek ARGIAri.