argia.eus
INPRIMATU
Tentsio uneak egon dira Frantziako Justizia ministroaren bisitaren kari Baionan
  • Baionako auzitegian egon da ostiral goizean Eric Dupont-Moretti Frantziako Justizia ministroa. Apirila bukaeraz geroztik gobernuko kargudunen parean elkartzen dira herritarrak, lapikoak eskuetan. Berrogeita hamar bat lagun elkartu dira Baionan, baina ez dute lortu ministroarengana hurbiltzea, Poliziak bidea mozturik.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko maiatzaren 12a
Elkarretaratzea, Baionan, Frantziako Justizia ministroaren bisitaren kari. Argazkia: @SO_PaysBasque

Baionako auzitegian egon da Frantziako Justizia ministro Eric Dupont-Moretti ostiral goizean, bertan abiatuko dituzten obren lehen harria pausatzeko. Eraikina handitu eta bertan batuko dituzte Auzitegi Judiziala, Lan Auzitegia eta Merkataritza Auzitegia.

Bisitaren berri ukan bezain laster zabaldu zen lapikoak eskuan bertaratzeko deia. Hain zuzen, apirila bukaeraz geroztik, lapikoekin harrabotsa egin eta kexua adieraztea da herritarren mobilizazio arrakastatsuena. Gobernuaren ordezkarien bisita oro elkartzen da jendea, edozein dela karguduna eta edozein dela bere bisita lekua. Baionan ere berdina egin dute maiatzaren 12 honetan. Herritarren desadostasuna eta haserrea parean dituela, "giroa lasaitzeko eta ekintzak bideratzeko ehun egun" abiatu zituen apirila hondarrean Emmanuel Macronek. Orduz geroztik, giroa ez doa baretuz eta lapiko kontzertuak errepikatuz doaz.

Poliziaren hesia kausitu dute goizean goiz bertaraturikoek, eta ezin izan dute ministroarengana hurbildu. LABeko militanteek hesia zeharkatu ahal izan dute, baina laster harrapatu ditu Poliziak. Sindikatu "borrokalaria" izanik, poliziaren "jazarpenari" aurre egin beharra deitoratu du sindikatuak sare sozialen bidez.

Gatazka politikoan duen "ardura"

Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbidean duen "ardura" oroitarazi dio EH Bai ezkerreko koalizio abertzaleak. Ondokoa diote zabalduriko agirian: "Frantziako Estatua presondegi politika krudelean tematu izanak eta elkarrizketa deiei uko egin izanak eraman zituen Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialak, ezinbestean, desobedientziaren hautua egitera. Hautetsien eta herritarren mobilizazio indartsuari esker erdietsi zen Ion Parot eta Jakes Esnalen askatasuna. Borroka armatuaren bukaeratik hamarkada batera eta ETA erakundearen armagabetze eta desagerpenetik bost urte baino gehiagora, badira salbuespen neurriak pairatzen segitzen duten militante politikoak: besteak bete, DPS estatutuaren irizpideen araberako zigorren aplikazioak eta FIJAIT fitxategi antiterroristaren sartuak izateagatik preso ohiei ezarritako neurriak. Behar den aldi guziz errepikatuko dugu, bake justu eta iraunkorraren eraikuntzak Frantziako Estatuaren jarrera aldaketa bat eskatzen duela".

Hemen EH Baiko koordinatzaile Nikolas Blainen adierazpenak, goizeko elkarretaratzetik: