Espainiako estatistika institutuak (INE) ikerketa bat egiteko erabiliko ditu datuak, herritarren desplazamenduak aztertu asmoz. Norbanakoek egunerokoan, jai egunetan eta landa eremuetan egiten dituzten desplazamenduak ezagutu nahi dituzte.
Europako telefono operadore nagusiekin akordioa egin du INEk: operadoreek bezeroen telefonoen jarraipena egingo dute zortzi egunez, eta bildutako eta prozesatutako datuak INEri eskainiko dizkiote, telefono erabiltzaileen mugikortasun ohituren gainean ikerketa egin dezan.
Espainiako Estatuko Orange, Movistar eta Vodafone konpainiek datu bilketan kolaboratuko dute. INEk jasoko dituen datuak anonimoak direla adierazi dute: erabiltzaileen kokapenaren gaineko informazioa bistaratuko da, baina ez telefonoaren titularraren gaineko daturik. Datu horiekin norbanakoen mugikortasun joerak ikertuko dituzte.
Datuak azaroaren 18tik 21ra arteko lau lanegunetan, eta azaroaren 24ko eta abenduaren 25eko jai egunetan jasoko dituzte aurten; eta datorren urteko 2020ko ekainaren 20an eta abuztuaren 15ean ere bai.