Mexikoko Guadalajarako, Malagako, Dublineko eta Donostiako nerabeek telebistan jasotzen dituzten balioen inguruko azterketa egin du Euskal Herriko Unibertsitateko Leire Ugaldek. Ikusleen balioen homogeneizatzea nabarmendu du ikerketak.
Emaitzek adierazten dutenez, ia ez dago alderik lau hiri horietako nerabeek telebistatik jasotzen dituzten balioei begira. Dublingo gazteek dute besteekiko alderik handiena, hango egoera sozioekonomiko zaila dela eta balio indibidualisten alde nabarmen egiten baitute, ikerketaren arabera.
Ugaldek adierazi du, Disney Channel bezalako telebista programak munduko herrialde askotako milioika nerabek jarraitzen dituztela, eta pertsona guzti horiek eredu bera jasotzen dutela: “Elkarrengandik oso urrun bizi arren, antz handia dago toki bateko eta besteko nerabeek atzematen dituzten balioen artean”.
Dublineko adibideak, bestalde, zalantza berria sortu dio Ugalderi: ezaugarri sozioekonomikoak ez ote diren kulturalak baino aldagai garrantzitsuagoa balioen barneratzean. “Euskaldunak edo irlandarrak izatea baino garrantzitsuago ez ote dira batzuen eta besteen baldintza sozioekonomikoak?”. Ikerketak galdera horri erantzuna eman ez badio ere, aurrerago egingo diren lanetan aztertzeko moduko kontua da hori, Ugalderen ustez.
Donostiako ikusleei dagokionez, Ugaldek adierazi du gainerako hirietako nerabeek baino emaitza positiboagoak atera dituztela. Ordu gutxiago ematen dute bertako gaztetxoek telebistaren aurrean (2,5 ordu, Dublinekoen 4,5 orduen aldean), eta gurasoek ere gehiago kontrolatzen dute seme-alaben telebista kontsumoa. Gutxieneko irizpideak ezartzeak nerabeengan eragina duela nabarmendu du ikerlariak.