argia.eus
INPRIMATU
Euskarabildua jardunaldiak
“Teknologia modu burujabean, era kritikoan eta euskaraz kudeatzea ezinbestekoa zaigu”
  • Azaroaren 4an Donostiako San Telmo museoan egingo da aurtengo Euskarabildua jardunaldia. 14. edizio honek Interneten gobernantza eta euskal komunitatearen papera sare globalean izango ditu hizpide. iAmetzako Eli Pombo antolatzailearekin hitz egin dugu.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 23a

2012tik urtero antolatzen dute iAmetzak, Argiak eta Ametzagaiñak Euskarabildua jardunaldia, teknologia burujabetza ardatz. Aurten, “Nork gobernatzen du Internet? Euskal komunitate digitala erronka globalaren aurrean” lelopean egingo dute azaroaren 4an Donostiako San Telmo museoan. Egitarau zabala aurkeztu dute: hitzaldiak eta adituen ahotsak entzuteaz gain, Euskal Herriko proiektuak lehen eskutik ezagutzeko aukera izango da.

Antolatzaileek azpimarratu dute, inoiz baino gehiago, teknologia modu burujabe eta kritikoan kudeatzea ezinbestekoa dela “herritarren eskubideak defendatzeko, kultura eta hizkuntza aniztasuna babesteko, eta etorkizun digital justuagoa bermatzeko”. Horregatik, erronka global bati txikitasunetik begiratzeko hautua egiten dute, ikuspegi eta esperientzia kritiko, burujabe eta arduratsuak plazaratuz.

“Gure datu pertsonalak plataforma eta enpresa handien esku utzi ordez, modurik arduratsuenean eta etikoenean teknologia kudeatu behar dugu. Horretarako, ezinbestekoa da gizartea kontzientziatzeaz gain, hemen dauden esperientzia burujabeei buruz informatzea”, dio Eli Pombo antolatzaileak.

Eli Pombo antolatzailea eta jardunaldietan parte hartuko duen .eus fundazioko Josu Waliño.Argazkia: Enpresabidea

Teknologia burujabetzan ere euskara erdigunean jarrita osatu dute egitaraua. Geroz eta esku gutxiagoren esku dagoen munduan euskarari bidea eman behar zaio, “herri bezala gure kultura eta hizkuntza defendatu nahi baditugu”, gaineratu du Pombok.

Nazioarteko eta bertako hainbat adituren ahotsak izango dira presente jardunaldian: Manuela Battaglini, Cristina Caffarra, Amadeu Abril, Josu Waliño, Iratxe Esnaola, Elixabete Garcia, Aitor Soroa, Lorea Arakistain eta Asier Etxeberria. Gainera, aurten lehen aldiz, ‘Erakusleihoa’ atala sortu dute, burujabetza digitala praktikan nola gauzatzen den erakusteko tokian tokiko proiektuentzako lekua izango da.

Jardunaldia publikoa izango da, eta teknologian interesa duen edonori zuzenduta dago; sektoreko profesionaletatik hasi eta teknologiak gizartearentzat nola baliatu daitekeen aztertu nahi duten

herritar, erakunde, enpresa eta elkarteentzat. Izen-ematea doakoa da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea www.euskarabildua.eus webgunearen bidez. Jardunaldia zuzenean jarraitu ahal izango da EITBren bitartez.