Teilatuan ikasi genuen gaua

  • EHUko errektore Nekane Balluerkak adierazi duenez, asteazken gauean San Mamesen Herri Unibertsitatea babesteko asmoz teilatuan eutsi genion 203 ikasleon aurka salaketa aurkeztuko du. Komunikabide gehienek, beste behin ere, arreta eskaini diote hondatutako bi vending makina eta hainbat altzariri, benetan funtsezkoa eta kezkagarria den albistea ezkutatuz: EHUk, asteazken gauean, publikoak diren espazioak formakuntza kritiko eta kolektiborako erabiltzen ari ziren ikasleak kaleratu zituela.


2017ko otsailaren 27an - 12:56

Unibertsitate publikoak azken urteotan ateak ireki dizkie enpresa pribatuei, campusetan presentzia eduki dezaten edota ikaskuntza prozesua bera baldintza dezaten, masterrak kasu. Unibertsitate publikoak gero eta burokrazia eta burokrata gehiago biltzen ditu dekanotza eta errektoretzako bulego dotoreetan, baina ikasleok ez dugu eskubiderik hezkuntza alternatibo eta kritikorako espazio bat izateko. Ikasgeletan ikasten ez ditugun jakintza horiek partekatzeko. Horixe baita Herri Unibertsitatea, klase borrokaz, zientzia kritikoaz, arte alternatiboaz, feminismoaz eta akademizismo ofizialak bazterturiko beste hainbat kontuz ikasleok ikasleontzat eztabaidatzeko eraikitzen dugun gunea, eta hori da EHUren zuzendaritzak isilarazi nahi izan duena.

Ikasleok ez dugu inolako parte-hartze prozesurik gelan ikasiko ditugun edukien gainean erabaki ahal izateko, eskoletara joan eta irakasle batek finkaturiko egitarau teoriko bat ikastera mugatzen gara. Hori da antza EHUren zuzendaritzak nahi duen unibertsitate eredua, inolako zentzu kritikorik gabe bertako edukiak barneratu eta nota hobea nork aterako duen lasterketa indibidualistan murgilduko den ikaslearen eredua. Hori dena, unibertsitatetik atera ondoren pilatutako jakintza enpresa pribatu bati saldu eta prekarietatearen munduan murgiltzeko. Zertarako behar dugu emakumezko errektore bat, hainbat ikasle feminismoaz eztabaidatzeko biltzen garenean ertzaintza bidaltzen badigu ikasleak bortxaz kanporatzeko?

Badira ordea, klasean ikasitakoarekin konformatu ez eta euren jakintza partekatu nahi duten ikasleak. Asmo horrekin sortu zen orain lau urte Herri Unibertsitatea, eta urterik urte egitarau zabalagoa eta partaidetza handiagoa izan ditu. Ikasleriaren sektore handi batek hezkuntza sistema indibidualistatik at ikasteko gogoa baduela erakusten duten adibide garbiak.

EHUk, argitaratutako adierazpen ofizialean, jarritako baldintzak bete ez eta ikasleok San Mameseko Ingeniaritza  Fakultateak hartu ditzakeen ikasle kopurua gainditu genuela argudiatu du. Kontua da ez dugula sinesten kanporatzea arrazoi tekniko hutsengatik eman zela, iaz fakultate berean Herri Unibertsitatean zebiltzan ikasle kopurua murritzagoa zelako eta zuzendaritzak kanporatze agindua berdin eman zuelako, han zeuden 41 ikasleei Mozal Legea aplikatuz gainera.

EHUn indarrean dagoen gobernuak duela hilabete batzuk egin ziren hauteskundeetan ikasleen aldetik izan zuen babesa oso murritza izan zen, ikasleria osoaren %3ra ere ez zen iritsi. Orain, errektoretza gobernu berak 203 ikasleren aurkako salaketa jarriko du. Hau da unibertsitate publikoaren demokrazia. San Mameseko teilatuan egon ginenok ordea, argi diogu: Ez dugu hezkuntza publikoa enpresa pribatu edota dekanotza eta errektore taldeetako burokraten esku pribatiza dezaten utziko. Errepresioz gera gaitzakezue, baina iaz 41 bat izan baziren aurten 203 gara, eta honek ez du etenik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri Unibertsitatea
2022-02-17 | Gedar
Beste urte batez, ehunka lagun batu dira Herri Unibertsitate nazionalean

Asteazkenean izan da aurtengo Herri Unibertsitate nazionalaren aurreneko eguna, Leioako campusean. Ostegunerako ere prestatu dituzte hitzaldi, mahai-inguru eta aisialdirako jarduerak.


2022-02-15 | Gedar
Herri Unibertsitate nazionala otsailaren 16an eta 17an izango da Leioan

Otsailaren 16an eta 17an izango dira aurtengo jardunaldiak, Leioako campusean. Egitaraua aurkeztu dute jada, hitzaldi, mahai-inguru, mobilizazio eta aisialdi jarduerekin. Roberto Fineschi filosofoa, Ani Perez pedagogoa nahiz Ekida arte ekimen sozialista izango dira aurten,... [+]


2021-03-10 | Gedar
Gasteizko campusean izango da 2021eko Herri Unibertsitate nazionala, martxoaren 16tik 17ra

Aurten ere, "zailtasunak zailtasun", Herri Unibertsitate nazionala izango dela baieztatu du ikasle mugimenduak. Bi egunetarako egitaraua aurkeztu dute jada, hitzaldi, mahai-inguru zein kultur jarduerekin. Gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, Ekida kultur... [+]


2020-09-30 | Mikel Eizagirre
Herri Unibertsitateak Eskola Kolektiboak jarri ditu martxan, "gaitasun zehatzen ekoizpenerako"

Jakintza-esparruka banatutako lantaldeetan ikerketa eta trebatze ariketarekin hasiko dira Euskal Herriko hainbat ikasle, “kapitalaren mesedetan ikasiarazten diguten jakintza langile mugimenduaren mesedetan jartzeko”.


2020-02-10 | Hala Bedi
Gasteizko Herri Unibertsitateko egitaraua aurkeztu dute

Herri Unibertsitatea antolatuko dute otsailaren 17, 18 eta 19 bitartean Gasteizko unibertsitateko ikasleek, aktualitatearen hausnarketa kritikoa burutu eta eztabaidak irekitzeko helburuarekin.


Eguneraketa berriak daude