argia.eus
INPRIMATU
Tauromakia “bekatua” dela salatu dute talde antitaurinoek Iruñean
  • AnimalNaturalis eta PETAk manifestazioa egin dute Iruñeko Udaletxearen aurrean, tauromakia bekatua da lelopean.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 07a
AnimaNaturalis eta PETAren manifestazioa Iruñeko Udaletxearen aurrean. AnimaNaturalis

Urtero legez AnimaNaturalis eta PETA tauromakiaren kontra protestatzeko batu dira. Uztailaren 5ean udaletxearen aurrean mobilizazioa egin dute praktika "anakroniko eta biolento" bati gaitzespen soziala erakusteko. Nabarmendu dute Iruñea tradizio katolikoko hiria dela eta bere ohitura taurinoek ez datozela bat hainbat aita santuren buldek adierazitakoarekin. Aipatutako buldek tauromakia "bekatu" eta "deabruen" praktika dela adierazten dute, antolatzaileen esanetan. Horrez gain, animalien "tratu txarrak krudelkeria onartezina" direla salatu dute bertaratutako dozenaka lagunek.

Sanferminen antolatzaileei eta bereziki Iruñeko Erruki Etxeari eskatu diete antolatzaileek errukiz jokatzea izaki bizidun guztiekin. Iruñeko Erruki Etxearen papera nabarmendu dute, zezenketak antolatzen dituelako eta Iruñeko zezen plaza kudeatzen duelako.

Iruñeko inkesta

Iruñeko Udalak ekainaren 1etik uztailaren 5era zabaldu duen inkesta "aukera historikoa" da iruindarren iritzia ezagutzeko, antitaurinoen esanetan. Inkestan sanferminen inguruko iritzia jaso dute. Joseba Asiron Iruñeko alkatearen adierazpena gogoratu dute AnimaNaturalis eta PETA taldeek: "Inork ez du imajinatzen animalien sufrimenduan oinarritutako aisialdirik, gizarteak gero eta argiago dauka".