argia.eus
INPRIMATU
“Tartalariek” babes zabala jaso dute epaitu dituzten egunean
  • Gorka Ovejero Arruazuko alkateordea eta Mugitu! elkarteko Mikel Alvarez Forcada, Julio Martin Villanueva eta Ibon Garcia Garrido gaur epaitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2011n Okzitaniako Tolosan Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tartak botatzeagatik. Bost eta bederatzi urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte haientzat.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko azaroaren 18a
Tartalariak babestu zituzten larunbateko manifestazioan (Arg: Mugitu) Mugitu

AHTren inposaketaren aurkako ekintza izan zen, Pirinioetako Lan Elkartearen bileretako batean egin zutena. Fiskaltzak bosna urteko espetxe zigorra eskatu du, "autoritatearen kontrako atentatua" leporatuta. Yolanda Barcinaren akusazio partikularrak berriz, seina urteko kartzela zigorra eta 3.600 euroko isuna eskatu du tartalarientzat, eta Ovejeroren kasuan, bederatzi urteko zigorra eta 5.400 euro, Arruazuko zinegotzia izateagatik. Barcinak berak esana du mina egin ziotela tartek, "merenge frantziarrarengatik". Salaketa testuaren arabera, "jasotako kolpeen ondorioz Yolanda Barcina desorientatu eta zorabiatu egin zen, artatu eta segurtasunekoek aretotik atera behar izan zuten".

Akusatuek adierazi dute Okzitanian egin beharko litzatekeela epaiketa, han izan baitzen ekintza, eta Ovejerosek Eldiario.es-en gogoratu duenez, tarta bat botatzeagatik kartzela zigorra ezarri dioten kasu bakarra ezagutzen dute: hiru hilabeteko espetxealdia, San Frantziskoko alkateari tarta botatzeagatik, "ez dakigu azkenean sartu zuten edo ez. Frantzian, inoiz ez da kartzela zigorrik egon horrelako ekintzengatik, Belgikan Nöel Godin eta bere taldeak ehun tartatik gora bota diote jende oso ezagunari eta arte surrealistatzat hartua izan da".

Manifestazio jendetsua

Tartalariak babesteko asmoz, manifestazioa egin zen larunbatean Iruñean, AHT Gelditu Nafarroa plataformak deituta. Mugituren arabera 5.000 lagunetik gora bildu ziren eta "kilometroko 12 milioi euro kostako duen" Abiadura Handiko Trenaren zentzugabekeria salatu zuten bukaeran. Irakurri zuten testuak dioenez, "duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko dirurik ez dagoela esaten digutenean eta murrizketak aurrera jarraitzen duten unean, guztion poltsikotik egitasmo zentzugabe eta megalomanoak finanzatzen dira. Zerrenda luze eta ezaguna dugu: Urantziako zirkuitua, Yesaren haunditzea, Olaztiko errauskailua, Goi Tentsioko lineak eta, nola ez AHT-a. Abiadura Haundiko trenbide ereduaren atzean dagoena eredu sozial jakin baten inposaketa dago. Elite baten mesedetan baliabide eta energia xahuketa neurrigabean oinarritutako gizarte eredu bat; hipermobilitatean eta kontsumoan oinarritutako gizarte eredua. Urrutikoa bertakotu eta bertakoa urruntzen digun bizi eredua bultzatzen du AHT-k". Manifestariek "politiko eta enpresari ustelen aberastea" ere salatu zuten eta tartalariak aske uzteko eskatu.

Hemen, 2011ko ekintzaren bideoa: