Goizaldean aurkiturik falta zen langilearen gorpua, orain artean bi dira Tarragonako (Herrialde Katalanak) Industrias Quimicas del Óxido de Etileno S.A. (IQOXE) lantegian astearte arratsaldean jazotako leherketagatik hildakoak. Bigarrena fabrikatik ia hiru kilometrora harrapatu zuen eztandak aireratutako 800 kiloko xafla batek. Horiez gain, zortzi pertsona daude zaurituta, horietatik bi larri.
Istripu larria Tarragonako poligono petrokimikoan gertatu da astearte arratsaldeko zazpietarako minutu gutxi falta zirenean. Hiriburuaren mugan dagoen poligonoa da Espainiako estatuko petrokimika kontzentrazio handiena daukan eremua. Bertan etileno oxikoaren ekoizpenean ari den Industrias Quimicas del Óxido de Etileno S.A. (IQOXE) usinan leherketa oso bortitz bat entzun eta ikusi da, hainbat herritarrek ateratako argazkietatik ezagutarazi dena.
Inguruan ari ziren zortzi langile artatu behar izan dituzte erredura eta zauriengatik baina handik urruti, ia hiru kilometrotara Torreforta auzoko bere bizilekuan zegoen herritar bat hil du IQOXEren leherketak aireratu duen 800 kiloko xafla batek. Lehen informazioetan galdutzat ematen zen beste langile bat da, enpresako kamioilaria antza denez, asteazken goizaldean sorospen zerbitzuek hilotz aurkitu duten bigarrena.
30 suhiltzaile ekipok aritu behar izan dute garrak itzaltzeko lanean eta gau osoan zehar etenda egon dira bai inguruko errepideak eta baita trenbidea ere. Larrialdi kimikoaz inguruko herritarrak ohartarazi behar lituzketen sirena hotsik ez da entzun. Agintariek La Canonja, Vilaseca eta Tarragonako hiru auzunetako herritarrei eskatu diete beren etxeetatik ez ateratzeko, nahiz eta eztandaren biharamonean Joaqim Torra presidenteak adierazi duen kutsadura arriskurik ez dagoela.
La Directa agerkari elektronikoaren arabera, etileno oxidoa gas oso toxiko eta sukoia da. Nagusiki garbiketako produktuak, poliesterrak eta izotz-kontrakoak ekoizteko erabiltzen da. Kopuru txikitan arnastuz gero, gizakiari begiak, arnasbideak eta larruazala sumintzen dizkio. Asko arnastuta, berriz, goragaleak, memoria galtzea, nerbio sistema kaltetzea eta ugaltze organoen hondatzea eragin dezake.
Hedabide berak zabaldu duenez, Industrias Quimicas del Óxido de Etileno S.A. (IQOXE) enpresaren jabea Espainiako 200 herritar aberatsenetako bat da: fabrika Grup Cristian Lay taldearena da eta honen buru dagoen Ricardo Leal Cordobés extremaduratarra da Espainiako 177. dirudunena. IQOXEren instalazio berriak (aurrekoen produzio ahalmena biderkatu dutenak) 2017an inauguratu zituzten. Honen bezero nagusiak Basf, Repsol o Dow Chemical omen dira.
🔥🏭 Imatges de l’estat de la planta d’IQOXE després de l’explosió. Els Bombers segueixen treballant #Tarragona pic.twitter.com/YI0fhjWdkW
— Borja Vizcarro Sebas (@BorjaSebas) January 15, 2020