argia.eus
INPRIMATU
Talde feminista batek eskratxe zuzena egin dio youtuber sexista bati Bartzelonan
Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko martxoaren 22a

Otsailaren 28an izan ziren gertakariak: Jeremías Pérez Bártolome –Álvaro Reyes bezala ezaguna– taberna batean zegoen. Bat-batean, hainbat ekintzaile feminista sartu zen lokalera, eta gizona zertara dedikatzen den argi utzi zuten ekintzaileek. Tabernako jabeari azaldu zizkioten gizonaren ekintzak, eta beste bezeroen laguntzarekin, gizona kanporatu egin zuten tabernatik.

Biologian lizentziatu zen Reyes; Salud Carlos III Institutuan hasi zen lanean, baina lan hori utzi, eta pertsonei erakusten hasi zen “alaiak eta positiboak” izaten, berak ziurtatu duenez. 2012ko abenduren 22an igo zuen bere lehen bideoa Internetera, eta egun, 440.000 jarraitzaile baino gehiago ditu.

Egiatan ordea, Reyes ospetsu egin da kaleko jazarpena egiteko praktikak erakusten dituelako bere bideoetan. Emakumeengana gerturatzeko, emakumeak erakartzeko eta sexua lortzeko teknikak dira: emakumearekin hizketan hasi, gerturatu, erakarri, besarkatu edota musuak ematen ditu, inolako baimenik eskatu gabe. “Ez eskatu baimenik. Edozer gauza egiteko eskubidea duzu. Baimena eskatzea ziurtasunik ezaren seinalea da”, azaldu du bere bideo batean.

Reyesen bideoetako asko bere produktuak saltzeko promozio bideoak dira. Bere webgunearen bidez, gainera, izena eman daiteke oso prezio altuko tailerretan: zazpi eguneko kanpamentu batek, esaterako, 2.500 euroko kostua dauka. Beste behin, argi dago kapitalismoaren logikaren barruan jokatzen duela patriarkatuak; genero zapalkuntza dela gaur egungo sistema ekonomikoaren oinarrietako bat.

 

 

Honako hau da Alvaro Reyesek egin duen bideo sexistetako bat: