argia.eus
INPRIMATU
Tafalla-Campanas AHT zatia lizitatu dute 281 milioi eurotan
  • Castejon eta Iruñerria arteko zatia da orain Espainiako Garraio Ministerioak lizitatu duena, 15,1 kilometrokoa eta 30 hilabetetan egin beharrekoa, Espainiako Gobernuak eta abiadura handiaz arduratzen den Adif konpainia publikoak jakinarazi dutenez.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko ekainaren 29a

Tafalla, Puiu, Garinoain, Barasoain, Tirapu, Biurrun-Olkotz eta Muru Artederreta herriak hartzen ditu zati honek, eta bere lanik konplexuenak hiru tunel eta biaduktu bat dira. Tunelak honakoak dira: Katedral izenekoa (474 metrokoa), Artzareta (258 m.) eta Murugainekoa (506,9 m).

Horiez gain, hainbat pasabide ere izango ditu gainetik eta azpitik, batetik bestera iragatea errazteko. Biaduktuak 546 metro izango ditu eta La Majadako errekastoa gainditzeko eraikiko da. Garinoainen, halaber, trenak aparkatzeko geltoki bat egingo da, beste tren batzuk aurrera egin dezaten eta garraio-trenak bertan gelditu ahal izateko.

Sakanan zundaketen aurka

Stop AHT Zundaketak ekimenak deituta Lakuntzako plazan ehundik gora lagun bildu ziren astearte arratsaldean eta eskatu zuten Sakanan hainbat lekutan egiten ari diren zundaketak gelditzeko. Oraindik ez dago garbi Nafarroako AHT zatiak nondik egingo duen bat Euskal Y-arekin, edo Ezkiotik eta Gasteiztik.

Bietatik eragina oso handia izango litzateke: Ezkioko hautuak eskatuko luke Aralar azpian 22 kilometroko tunela eraikitzea, eta ingurumen kalteez gain, horrek asko garestituko luke inbertsioa; Gasteizko aukera errazagoa eta merkeagoa litzateke, baina ekarriko luke Sakana bitan zatitzea, eta azpiegitura saturazioa areagotzea jadanik errepide zaharra eta autobideari AHTko trenbidea gehituta.

Epe aurreikuspenaren ikuspegitik ere oso atzeratuta doaz Nafarroako lanak, eta behin eta berriz atzeratzen dira agintariek aipatutako datak. Bernardo Ciriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilariak, adibidez, 2021eko azaroan esan zuen Castejón-Campanas eraikita egongo zela 2026rako, baina ordurako amaituta egongo den bakarra, iragarritako epea betetzen bada, orain lizitatu den Tafalla-Campanas zatia izango da.