argia.eus
INPRIMATU
Ostalaritzako terrazetan hamar laguneko koadrilan joan ahalko da Hego Euskal Herrian
  • Ostalaritzako terrazek Hego Euskal Herrian bete beharko dituzten baldintzak zehaztu ditu Espainiako Buletik Ofizialak. Mahaien erdiak erabili ahalko dituzte eta garbitasunaren izenean, hondakin kopurua biderkatzea sustatzen du araudiak.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 04a
Durangoko taberna bat barrutik.

Maiatzaren 3ko Espainiako Buletin Ofizialak argitaratu ditu baldintzak.

Ostalari bakoitzak ordura arte udalak baimendu dizkion mahaien erdia erabili ahalko du eta mahaien artean bi metroko distantzia dagoela bermatu beharko du.

Udalak terraza handitzeko baimena ematen badio, mahai kopurua gehitu ahalko du, baina beti %50eko erabilera gordez eta terraza handitu den proportzio berean oinezkoen espazioa handituz.

Hamar laguneko koadrila gehienez

Mahai edo mahai multzo bakoitzean hamar lagun bildu ahalko dira eta kide bakoitzaren artean gutxieneko segurtasun tartea gorde beharko da.

Garbitasunaren izenean hondakinak biderkatzea sustatzen du arauak

Erabilera bakarreko manteleria erabiltzea hobetsiko da. Hau ezinezkoa den kasuetan, saihestu behar da bezero batek mahai gaineko bat erabili ondoren beste batek ukitzea. Mahaiak, basoak, kubertoak eta halakoak leku itxietan gordeko dira, eta hau ez bada posible, bezero eta langileengandik urrun. Bezeroen esku egon ohi ziren paperezko serbileta, entsaladak gatz-ozpintzeko poteak eta gainerakoak kenduko dira eta plastikotan bilduta egon ohi diren dosi bakarreko saltsak zerbitzatuko dira.

Bezeroen esku gel hidroalkoholikoa jarri beharko da. Eta terrazako ekipamendua desinfektatu beharko da bezero batek erabili orduko: mahaiak, aulkiak...

Txartelarekin ordaintzea sustatuko da, ahal dela esku dirua erabiltzea saihestuz. Datafonoa erabili orduko desinfektatuko da. Menua hautatzeko karta ere ahal dela ez da erabiliko eta bere ordez tabletak, arbelak eta antzekoak erabiliko dira.

Komonean bezero bakarra sartu ahalko da, laguntza behar dutenen kasuan salbu. Komuna erabiltzen den bakoitzean desinfektatu beharko da.