argia.eus
INPRIMATU
Taberna honetan ez da onartzen feminista ez den inor
  • Taberna honetan ez da onartzen feminista ez den inor edo antzeko zerbait zioen Iruñeko tabernako kartelak, eta talibankeria iruditu zitzaion lagunari, tabernara sartzeko baldintzak jartzea. Nik aldiz, pentsatu nuen, nola da posible jendeak oraindik ez jakitea zer esan nahi duen feminista izateak?

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2013ko martxoaren 08a
Zergatik du feminismoak hain prentsa txarra?

Bestela ez da ulertzen emakume ugarik oraindik esatea “ni ez naiz feminista”, bere buruari harriak jaurtiz, edo lagunak gaizki ikustea feminista ez denari tabernan sarrera ukatzea. Onartuko al genuke eskubide berdintasunaren kontra dagoen arrazista, xenofoboa, homofoboa, sexista? Nola egon daiteke norbait emakumeak gizonen eskubide eta aukera berberak izatearen aurka? Ez gehiago, ez gutxiago, berberak. Ezjakintasuna da arazoa? Beldurra? Hain txarto asmatu du mugimendu feministak bere borroka helarazten, hainbatek muzin egiteko? Ala beharbada, egungo ereduari eustea komeni zaion ikuspegi androzentristak lortu du feministen irudi ezkorra eta desprestigio kanpaina zabaltzea? Izan ere, muturreko estereotipoaren arabera feminitatea gorroto duten emakume zakar eta histerikoak dira feministak. Beste kausa batzuen alde egiten dutenak, baina, ez dira histeriko, ez dira bizi gorrotoan. Zergatik du feminismoak hain prentsa txarra?

Lagunari zera esan nion, kartelean jarri izan balute giza eskubideen aurka dagoen inor ez dutela onartzen, ondo irudituko litzaiokeela. Askoz gehiagorako ez zuen eman eztabaidak. Tira, bestelako debateetan murgilduta daude feminismoaren diskurtsoak, baina kezkagarria da, gaur egun oraindik ere oinarri-oinarrizkoa gaindituta ez izatea eta jendartean –gizon nahiz emakume– “ni ez naiz feminista” entzutea.

Mikel Garciaren 'Jendartean' blogetik hartutako artikulua.