argia.eus
INPRIMATU
Tabakalerak kultur-proiektua aurkeztu du eta 2015ean egongo da martxan
  • 
    

    Kultura garaikideko sorkuntza zentroa izango da Donostiako Tabakalera, eragile ezberdinen arteko “ekosistema kulturala” landu nahi duena. Asteburuan aurkeztutako egitasmo kulturalak lau eremu landuko ditu eta 2015eko udarako dena gertu izatea aurreikusten dute.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 07a
Zinemaldia, Filmategia, Etxepare institutua eta Kutxa batera egongo dira Tabakaleran.


Larunbatean prentsarentzat ireki zuten eraberritze-prozesuan murgilduta dagoen tabakoen lantegi zaharra. Ane Rodriguez zuzendari kulturalak azaldu duenez, bertako eta atzerriko artisten “aterpe eta leihate” izateaz gain, ikasteko eta esperimentatzeko tokia ere izango da.



Proiektu kulturalak lau eremu landuko ditu: “hiri laborategiak”, praktika garaikideak lantzeko “ikus-entzunezko eremua”, proiektuak sustatzeko “hezkuntza eremua” eta Ubik, Tabakalerako liburutegia izango dena.



Egonaldi-programa bat ere garatuko dute, nazioartekotasunaren ideia garatzeko “gakotzat” jo dutena. Honen bitartez, kanpoko eragile eta artistak bertaratu eta bertako dinamiketan txertatzea lortu nahi dute.



Tabakaleraren webgunean dago ikusgai proiektuaren inguruko xehetasun gehiago ematen duten aurkezpen-bideoa.



Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Etxepare Institutua eta Kutxa batera



Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Etxepare Institutua eta Kutxa Fundazioa batera egongo dira Tabakaleran. Zinemaldiak eta Filmategiak lehen solairuan izango dituzte bulegoak, eta azken honek sotoan gordeko du bere biltegiaren parte.

Etxepare Institutua bigarren solairuan kokatuko da eta eta Kutxak eraikinari emango dion erabilera “laster” erabakiko duela esan du Rodriguezek.